Larunbatean arituko dira Mecalbe Eibar Eskubaloi bi talde gorenak. Emakumezkoek Schär colores Zaragozaren bisita jasoko dute Ipuruan arratsaldeko 18:30etan. Bigarren dira aragoiarrak 32 punturekin eta azkeneko lau partidak berdintzetik datoz. Lehen itzulian arazo handirik gabe gailendu ziren espainiarrak, hori dela eta, bestelakoa bilatzera pistaratuko dira armaginak. Tentuz ibili beharko dira gure neskak Nicxon Clabel Hiobi, Paula Eastman, Alba Rubio eta Karia Sidibe jokalariekin, bisitarien arriskutsuenak dira eta erasoan. Gogoratu lehia klubeko YouTube kanal ofizialean zuzenean ikusgai egongo dela, bertatik bertara ikus ahal ez duenarentzat.
Gizonezkoek, bestalde, etxetik at jokatuko dute, Ereintza Aguaplasten kantxan, hain zuzen ere. Norgehiagoka 17:30etan hasiko da errenteriako Galtzaraborda udal kiroldegian eta bolada onari jarraipena ematera bidaiatuko dute armaginek. Hamairugarren dira sailkapenean errenteriarrak 14 punturekin guztira, hori bai, jokatu dituzten azken 9 neurketetatik bakarra irabazi dute, beraz ratxa zeharo ezberdinetan heltzen dira bi taldeak. Dena den, kontuz ibili beharko da defentsa eibartarra Ander Arruti edo Iker Mugika jokalariekin erasoaldean. Hori bai, ligako goleatzailerik onena orain momentuan gure Mikel Zuloaga da.