Iazko jardunaldia behin ahaztuta, beste berri bati ekiteko ordua da. Kasu honetan larunbatean hitzordu bikoitza daukagu Ipuruan. Biek ala biek beraien ligako liderren aurka jokatuko dute. Emakumezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloi lehen taldea Aiala Zarautzen kontra arituko da arratsaldeko 16:30etan. Gizonezkoen lehen taldea ondoren kantxaratuko da, hau da, 18:30etan Romo Broker kirol aurka jokatzeko. Bi partida oso zailak, baina zaletuen laguntzaz gainditu daitezkeenak.
Lehen neurketakin hasteko, printzipioz lan eskerga ematen duen arren, kontuan hartu behar da zarauztarrek galdu duten partida bakarra liga txapelketan eibartarren aurka izan zela, hala eta guztiz, asko borrokatu beharra egongo da punturen bat harramazkatzea nahi bada. Bidane Salegi, Laida Urbitarte eta Ugazi Manterola dira bisitarien jokalaririk arriskutsuenak erasoan.
Fernandoren mutilek ere erronka zaila daukate asteburuan, hala ere, ez dira kikilduko denboraldiko talde onenaren kontra eta Romo gainditzera kantxaratuko dira armaginak. Bizkaitarrak nagusitu ziren lehen itzuliko norgehiagokan eta beraien lehen postuaren zergatia erakustera datoz hirira Gustavo Ariel Delgado, Alberto Roldan eta Adrian Juarez jokalari arriskutsuenekin. Neurketako batez beste ia 15 gol egiten dituzte hiruren artean. Gogoratu beharra dago Ipuruara joan ezin duenarentzat bi neurketak zuzenean ikusgai izango direla klubeko YouTube kanal ofizialean.