Somos Eibar taldearen partida borobila. Jokalariak duten kalitatea erakutsi dute eta dena emanez, garaipena lortu dute Urdulizi arlo guztietan gainenduz, bai aurrean baita atzean ere (31-20). Lehia oso parekatua hasi da baina bizkaitarrek ezin izan dute eibartarren intentsitate altua berdindu eta garaipena etxean geratu da. Orain arte, Fernando Fernandezen mutilen neurketarik onena izan da eta nabarmentzekoa da aritu diren jokalari guztien ekarpena.
Berdinketa askorekin hasi da nogehiagoka eta inork ezin izan du aldea zabaldu markagailuan. Mikel Zuloaga piboteak, etxekoen aurreneko hiru golak sartu ditu eta areriorak hankapean eduki ditu, lehen protagonista bilakatuz. Ondoren, Somos taldeak errenta polita lortu du Eneko Garetxanaren eskumatik eginiko barnekaldiei esker. Labana bailitzan, gol oso politak sartu ditu hegal eibartarrak, bostetik lau eginez. Hiru goleko aldearekin heldu dira gipuzkoarrak atsedenaldira.
Bigarren zatia, lehena baino hobea izan dela aitortu dezakegu. Eta baliteke, taldeak orain arte egin duen jokorik politena eta sendoena izan direla minutu horiek. Bederatzi eta biko partzial bati esker, hamar goleko errenta jarri dute armaginek partida erabat erabakiz. Aitor Oregi izan da bigarren zatiko hasierako protagonista lau golekin. Atzean besorik jeitsi gabe eta aurrean zorrotz, eibartarrek ez dute arazorik eduki markagailua eusten azkeneko 20 minututan. Taldeak zortzi gol besterik ez ditu jaso atsedenaldia eta gero, hori berpizten eta konfiantza berreskuratzen ari dela Somos Eibar esan nahi du.
Eibar Eskubaloi taldeen asteburu positiboa. Seniorrak txanponaren bi aldeak ezagutu zituzten. Emakumezkoak, Urnieta Quel Abogados taldearekin puntu soil bategatik erortzen zen bitartean (19-18), gizonezkoek hirugarren garaipena lortu zuten Tolosako bigarren taldeari gainenduta. Atzekaldean eginiko hobekuntza funtzezkoa izan zen bi puntuak Eibarrera ekartzeko. Jubenilek aldiz ez zuten beraien eguna izan eta bi taldeek beraien partidak galdu zituzten. Teknikerrek, Egian, partiduak eskatzen zuen baino intentsitate gutxiagorekin aritu ondoren (26-23); eta Grupo Mecalbe berdintzear egon zen Astigarragan azken segundutan, baina Mundarrok eraman zituen bi puntuak azkenean.
Kadeteek partida guztiak irabazi zituzten. Teknikerrek, Ereintza Todo Terrenori arlo guztietan gainendu zitzaion (31-13). Komat Eibarrek ere arazo larri gabe irabazi zuen Donibaneren aurka Pasaian, neurketa borobil bati esker (17-23).Neskek ere ez zuten oztopo handirik eduki norgehiaagoka bereganatzeko. Muelles Zalduak, hasiera txar bati buelta eman eta bi puntuak eskuratzea lortu zuen Ereintza Todo Terrenoren kontra (26-20). Mecalbe Eibarrek aldiz ez zuen Ereintza Beissierren gupidarik izan, bostgarren garaipena lortuz (11-28).
Infantilak ere arerioak menderatzea lortu zuten gehienek, mutilek biak irabaziz. Hierros Servandok, Bideosoa Bidasoa Iruni gainendu zuen partida estu batean (19-17). Bengoa Elektrizitateak errezago menderatu zuen aurkaria, Hernani Goiz Argi (10-27). Neskek denetarik bizi izan zituzten. Urkotronik taldeak atsedena hartzen zuen bitartean, Mecalbe Eibarrek Aiala Bri irabaztea lortzen zuen (27-19) eta Ametsak ezin izan zuen ezer egin La Salle Legazpiren aurka, hala ere markagailuak ez du pistan ikusi zena erakusten (3-14). Nabarmentzekoa ere bi alebin taldeen debuta igandean. Mutilen El Tio Palancasek (13-19) irabazi zuen Egian eta nesken El Tio Palancasek galdu Pulpo Bren aurka (27-3).
You must be logged in to post a comment.