Somos Eibar taldearen porrot gogorra Zaragozako Maristasen aurka (36-34), neurketa lehiatu baten ondoren. Puntu bat ateratzear egon ziren armaginak, baina ezin izan zuten aurkaria markagailuan harrapatu. Oso ondo hasi ziren eibartarrak, aurretik jarri ziren hasieratik eta hiru goleko aldea ere eduki zuten, baina lau eta hutseko partzialak etxekoen partetik, lehen zatiko azken bost minutuetan, gol bakarreko aldearekin jarri zuen Maristas atsedenldirako.
Bigarren zatian, aragoiarrak ondo eutsi zioten armeginen erasoei, denbora guztian aurretik markagailuan, nahiz eta euskaldunak erruz saiatu, ezin izan zuten azkenean ezer onik Zaragozatik ekarri. Nabarmentzekoa da berriro ere Mikel Zuloagak egindako lan aparta erasoan 12 gol sartuz, aurtengo taldeko errekor pertsonala. Bere goleei esker, eibartarrak aldeari eustea lortu zuten arren ez ziren jomugara iritsi. Garaipenaren bidera itzuli eta porrota ahazteko, Beti-Onak taldeari datorren larunbatean irabaztea izango litzateke sendagairik onena, armaginen interesetarako oso garrantzitsua.
Tekniker kadeteak garaipen batekin debutatu zuen Euskadiko txapelketan Urkunde Elgoibar taldeari garaitu eta gero (35-32); Komatek aldiz bi puntu garrantzitsu lortu zituen Donibaneren kontra (22-14). Melcabe kadeteak ere Euskadiko Txapelketako lehen jardunaldia jolastu zuen baina neskek ez zuten sorterik eduki, Sareteknika Kukullaga Etxebarri taldearen kontra eroriz (22-25). Azkenik, Muelles Zalduak ezin izan zuen ezer egin Urola Urzumen aurka (25-13).
Ez zen asteburu ona izan gure lehen taldeentzat: Mecalbek, Ereintza Beissierren kantxan galtzen zuen bitartean(32-24), gizonezkoek Soraluce Bergararen pistan (31-27). Infantil mailan, bai Urkotronikek baita Mecalbek ere bi puntuak lortu zituzten Aialako lehen eta bigarren taldeen aurka hurrenez hurren. Ametsak aldiz ezin izan zuen ezer egin Bergararen aurka (8-17); emaitz ezberdinak mutilentzat: Hierros Servandok, Leizaran Urdina garaitu zuen (14-25), baina Bengoa Elektrizitateak porrota jasan zuen Teknika Autoescuela Bidasoa etsai zuela (31-27).
You must be logged in to post a comment.