Gure bizitzetako neurketarik zailena jokatzea tokatzen ari zaigu ditxosozko gaixotasun honekin. Denok batera talde bat bezala borrokatzen jarraitu behar dugu, normaltasunera onik itzultzea bada gure helburua. Bide zaila eta neketsua izaten ari da baina gogotsu eutsi behar diogu arazoari gure etsaia menderatzeko. Mikel Aja, JD Arrate taldeko pibote ohia, Eibar Eskubaloiko ordezkaria, seme jokalariak dituen aita eta zaletu bezala, ez dela batere erreza egoera hau jasatea aitortzen digu, hala ere tunelaren bestekaldea begiztatzen ari garela uste du: “Nahiko ondo daramat, pixka bat astuna egiten ari zait baina amaitze bidean gaudela dirudi”. Pistak faltan botatzen ditu taldeko kide guztiek bezala, baina kirola egiten jarraitzen du: “Denbora gehiago dudanez, kirol gehiago egiten dut”, adierazten du Mikelek.
Medikuak, osasun langileak eta aurreko lerroan lanean buru belarri ari diren guztiak sartu diote gaixotasunari lehen gola norgehiagoka gogor honetan. Arerioa aurrez aurre begiratzen diotenak dira, duten guztia emanez, guri beharra errazteko, betiko legez lanean jo eta su. Egunero beldur gabe, amets gaizto hau hasi zenetik lanera joaten ari direnak dira bigarren gola egin dutenak eta markagailuan aurretik jarri digutenak. Gainera erasoan borrokatzeaz gain, kriston lana egiten ari dira defentsan gure atea babesten, zulo honetatik lehen bai lehen atera ahal gaitezen.
Gure seme-alabak eta maskotak, egin dute hirugarrena, hainbeste denbora etxean pasa ondoren, ezarri diguten arauak errespetatuz kalera irteten, berriz aurkariaren aurretik jartzen gure taldea beraien adore eta indarraz, helduen eredugarri. Mikel, bi seme alaben aita da eta egoera hau bere larruan bizi du. “Goizak ikasketekin igarotzen ditu Jokin semeak, arratsaldea, aldiz, kirola egiteko aprobetxatzen du denboraldian zehar lortutako egoera fisikoa ez galtzeko, eta horrela, datorrenean inoiz baino hobeto egoteko”, dio harro. Txapelketak, maila guztietan eteteaz ere mintzo da: “Malen alabaren liga bertan behera gelditu da senior mailan, baita entrenatzaile moduan dagoen infantilena ere. Onena dela deritzot, denon segurtasuna indartzea nahi badugu, kirol guztietan berdina egin behar dela uste dut”.
Ez dute merezi lehiaketak berriz hasi arazteak eta denboraldia atzean uztea egokiena da ezbairik gabe. Ez du merezi inondik inora gure kirolari eta zaletuen bizitzak arriskuan jartzea. Aurretik egin dugun lan guztia ez zukeen ezertarako balio. Mikelek hau eztabaida ezina dio: “Guztiz ados nago erabakiarekin. Zaletu bezala pena bat da kiroldegira astebururo ezin joatea, baina erabakia beharrezkoa dela deritzot”. Gure nagusiak izango dira hurrengokoak kalera irteten, aurkariari beste gol bat sartuko dietenak. Beraiek dira gaixotasun hau gehien sufritu dutenak,eta batez ere zaurgarrienak arazo honen aurrean. Baina beti erakutsi diguten bezala, ezin dugu etsi eta tinko eutsi behar diogu buruhauste larrienean ere. Atea zulatzen hurrenak dira.
Borroka honen emaitzak jasotzen hasiak garela ematen du eta konfinamenduaren erdi partean gaudela, atsedenaldira irmo iritsiz. Hildako eta gaixoen datuak dezente jaisten ari dira egunero, hala ere ezin dugu ahaztu bidean gelditu den pertsona bakoitza. Mikel itxaropentsu da: “Ondo ari gara egiten gauzak eta amets gaiztoa bukatzear dagoela ematen du”. Zailena egina dugu eta bigarren zatiari sendoago aurre egingo diogu. Datozen aro berri hauek prestatzeko, aldagelak utzi eta tunelaren bestekaldean argia ikusten hasiak gara, etorkizunean borrokatzen jarraitu eta itxaropenaren ateak mantenduz. Baina 30 minutu luze geratzen dira oraindik eta gogor borrokatu beharrean gaude, elkar besarkatu nahi badugu guztia bukatzen denean. Eibarren behinola izan zen talderik onenetarikoaren parte izan zen Mikel eta bere bizipenak kontuan hartuta argi du: “Espero dudan gauza bakarra, herri honetan eskubaloiak izan zuen garrantzia berreskuratzea edota handitzea da eta eibartarrengan kirol honetaz ilusioa berpiztea, berriro ere goza dezaten”. Mikelek herriminez eta poztasunez gogoratzen ditu urte zoragarri haiek. “Kirolaria nintzeneko oroitzapen bikainak ditut, baina zerbait aipatzekotan, Arraterekin lortu genuen ohorezko mailara igoera izan zen, ez dut inoiz ahaztuko egun hori”.
Besteei tokatzen zaigu orain gelditzen diren garaipenaren golak sartzea, lehen aipatu ditugun guztiez gain, denok elkarturik, datorkigun faseak errespetuz eta lan eginez aurrera ateratzeko, talde sendo bat bezala. Burua azaleratzen hasia dugu, hala ere honetatik guztiz irten nahi badugu taldean lan egin behar dugu.
Egunero erruz lanean ari direnen eta batez ere borroka honetan bizitza utzi dutenengatik borrokatzen jarraitu behar dugu. Gaixotasunak aurretik eraman dituen pertsona bakoitza gogoan dugula aurrera jarraitu; ezin ditugu inola ere ez ahaztu, beraiek bai dira arerioa aurrez aurre izan dutenak, benetako heroiak. Beraiek dira gure argi eta hizpide borrokan jarraitzeko. Baita beraiekin sufritu duten familikide guztiak. Zuengatik gogor jarraituko dugu. Agur eta ohore.
You must be logged in to post a comment.