Eibar Eskubaloi taldeak, denboraldi berrirako plantilla prestatzen jarraitzen du. Aurre-denboraldia abuztuaren 24an hasteko aurreikusita dago, dena ondo doala behintzat, eta lehen txapelketa aste bat geroago, Euskal kopa. Azken egun hauetan egon diren berritzeez gain, jubenil eta bigarren taldeko jokalariak gehitu ditu Fernandok taldera. Horretaz aparte, bi fitxaketa berri, aurpegi ezagunak, Ipurua ederki ezagutzen dutenak: Ander Ballesteros eta Lander Casado.
Esan bezala, taldetik pasata dira biak, hiru urtez Fernandoren esanetan egon ziren. Gehitzen saiatuko diren jokalariak dudarik gabe. Ander, zilarrezko mailatik dator, Amenabar Zarautz taldetik hain zuzen ere: “Pulpon eman nituen lehen urratsak., Eibarren hiru urte jokatu eta Amenabar Zarautzen bi urte egin ditut. Aurten bizitzaren gora-behera medio berriro Eibarren bueltan naiz”, dio Zumaiarrak. Ipuruako pista ondo ezagutzen du, baita taldekideak eta prestatzailea ere. “Bi urte hauetan harremana pixka bat galdu dugu, baina uste dut neretaz gogoratzen dela Fernando. Eta lagunak beti lagun, ezagunak baino gehiago dira niretzat taldekideak”.
Gogotsu datorrela adierazi digu Anderrek: “Pertsonalki nire jokoaz gozatzera nator, eskubaloiaz gozatzera, ondo pasa eta Ipuruara hurbiltzen den mundu guztia, gurekin batera ondo pasaraztera”. Taldearen helburuekin ez da zoratzen gipuzkoarra eta taldeak zer egin behar duen aurten nahiko argi du. “Gaur egun, bolo bolo dagoen esaldia erabiliko dut, partido a partido. Jokalari interesgarriak daude eta hainbeste denbora geldi egon eta gero, jendea gogotsu dago, ni barne”.
Somos Eibar taldearen bigarren fitxaketa aipagarria Ordiziatik dator. Iaz jokatu gabe egon bazen ere, Lander Casado itxaropentsu iristen da taldera. Eibarren aritu zen hiru denboraldiz; Tolosan ere pare bat urtez egondakoa da gipuzkoarra, esperientzia baduela erakutsiz. Taldekideak eta Fernando entrenatzailea oso ondo ezagutzen ditu Landerrek ere: “Asko gustatzen zait bere lan egiteko modua eta bere zorroztasuna. Seguraski, kategoriako entrenatzailerik onena da”, goraipatzen du. “Taldekide batzuk ezagutzen ditut. Besteak ere azkar ezagutuko ditudala uste dut, badakit aldagelako giroa oso ona dela”.
Urte betez jokatu gabe egoteak, hasieran zertxobait kostaraziko diola argi du, baina lanean gogorrago arituko dela ziur da jokalaria. “Jokatzeko sistema ezagutzen dut eta ekipoko dinamikan ahal dudan azkarren sartzen saiatuko naiz. Gero ikusiko dugu zer moduz moldatzen naizen, je je”. Taldearen nondik norakoa ere nahiko argi du Landerrek, asko eta ondo lan eginda helburuak eskuratu ditzaketela uste du. “Ahal dugun lehiakorrenak eta ahal dugun joko hoberena egitea izan beharra dauka. Partidak pasa ahala ikusiko dugu zein den gure bukaerako helburua”.