Liga txapelketako lehen neurketa Hierros Sevando Eibar taldearentzat Ipurua kiroldegian. Aurreneko jardunaldian lortutako garaipen irmoari jarraipena ematera irtengo dira pistara armaginak, aurkaria Egia Teila Fabrika izango delarik. Joan zen asteburuan garaipena lortu zuten donostiarrak ere, Distriplac San Antonio taldearen aurka hain zuzen ere, eta lehia borrokatua eta estua espero da. Larunbatean arratsaldeko 6etan jokatuko da norgehiagoka, Covid-19ari dagokion protokoloa jarraituz.
Bi baja garrantzitsu izango dituzte etxekoek. Ez Ander Ballesteros, ezta Jon Uriartek ezingo dute lehian egon. Hori dela eta, Fernandok, Andoni Yarza jubenila taldera igo du gabeziak estaltzeko. Lehiaketa bertan behera utzi zenetik gutxi aldatu den taldea, bloke osoa mantendu du geroztik: “Betiko Egia, talde dinamikoa espero dugu, neurketa osoan kontzentratuta egotera behartuko diguna”, dio Fernandok. Jokin Urrusolo,lehen jardunaldiko donostiarren goleatzaile nagusia edota Mikel Royo, joan den denboraldia eten zen unean pitxitxia zena ere, hiriburukoekin izango da. Gertutik zaindu beharrezko jokalariak dudarik gabe. Iazkoa berraztertuz, jardunaldi bakarra jokatu zuten elkarren kontra, garaipena eibartarrak eskuratuz Donostin. Ipuruan elkar ikusi zuten azken partidan ere armaginak irten ziren garaile.
Gure hainbat taldek ere asteburu honetan jokatuko dituzte lagunarteko batzuk: Ipuruako kiroldegian larunbatean zehar, Mecalbe jubenila goizeko 10:30etan Omega Peripherals Basauri taldearen aurka; Hierros Servando jubenila 12etan Gran Camping Zarautzen kontra; Mecalbe seniorrak Sarateknika Kukullaga jasoko du 3:45etan; eta igandean, Hierros Servandoren bigarren taldea Zumarragako Ispilla kiroldegian arituko da Urola Laztimendiren aurka goizeko 11:30etan.