Hierros Servando Eibar Getxora bidaiatzekotan da asteburu honetan, bostgarren jardunaldian Romo Indupime taldearen aurka aritzeko Gobela kiroldegian. Nahiz eta ez dakigun ziur partida jokatuko den ala ez, neurketak ordutegia badu, igandean goizeko 12:15etan izango da hitzordua. Hasiera batean norgehiagoka jolastekotan bada ere, kontuan hartu behar da bizi dugun pandemia egoera. Hori dela eta, jokalariek ez dute jakingo azken unerarte kantxara saltatu ahal dezaketen edo etxera bueltatu behar duten. Nabarmentzekoa da, Romo Indupime dela liga txapelketan debutatu ez duen talde bakarra: “Nik uste jokatuko dugula. Hori bai, ez daukagu arerioaren informaziorik”, dio Fernando entrenatzaileak.
Kontrarioaren daturik ez edukitzeak buruhauste ugari sortzen dizkie entrenatzaileei, ez bai dakite nola aurre egin beste aldean duten taldeari. Eta horri, egoera ezezagun hau gehitzen badiogu, ez jakintasuna areagotu egiten da, horrek ezin egona ere sor dezake teknikari eta kirolari batzuetan. Ez da kudeatzen erreza. Baina armaginek fin hasi dute lehiaketa, garaipenak soilik poltsikoratuz, joko sendo bat erakutsiz eta atea ondo itxiz. batez beste 21 gol besterik ez dituzte jaso Fernandorenek: “Ratxa honi jarraipena eman nahi diogu; irrikitan gaude lehiatzen segitzeko”, aitortzen du Fernandok. Bi talde hauexen arteko azken lehian, berdinketa izan zen nagusi; orain dela bi denboraldi, eibartarrek ezin izan zuten punturik atera Erromori egindako azken bisitan. Gobelan lorturiko azken garaipen armagina 2016/2017 denboraldian datza.
Eneko Garetxanaren baja bakarra du Hierros Servando Eibar taldeak, ala eta guztiz Fernando ez da fio: “Hasiera batean denek jokatu ahalko dute Eneko izan ezik, baina hori bai, ez jakintasunean murgilduta bidaiatuko dugu, azken uneko bajaren bat edota partida bertan behera gelditu bai daiteke edozein momentutan”.