Olatu aparretan jarraitzen du Hierros Servando Eibar taldeak. Porrot bakarra jasan dute zortzi partidetan eta ratxak ez du etenik. Oraingoan, Estudio Matmata Zaragoza Ademarrek ezin izan zuen eibartarren neurketa hastapen ona zapuztu larunbatean Ipuruan (33-27). Txapelketaren laurden bat pasata lehenak jarraitzen dute armaginek, jokatu dituzten 16 puntutatik, 13 eskuratuz.
Hasiera zoragarria eman zioten etxekoek partidari, lehen segundutik aurretik jarri ziren markagailuan. Hortik aurrera nagusi izan ziren armaginak, nahiz eta aldea agian, pistan ikusi zena baino handiagoa dela aitortu dezakegu: “Emaitza nahiko engainagarria izan daiteke, lehia nola joan zen ikusita; Zaragoza Ademarrek oso joko ona erakutsi zuen”, zioen Fernando entrenatzaileak onartuz. Aldea handitzen joan zen gutxika gutxika lehenengo minutuetan, hala eta guztiz zaragozarrak suspertu eta hurbiltzea lortu zuten joko praktiko batekin. Ematen zuen defentsak oraindik pistaratu gabe zeudela, erasoko jokoa gailendu bai zen garbi lehen zatian.
Bigarrenean aldiz, atzean sendoago eta aurrean lehen zatian bezain zorrotz kantxaratu ziren eibartarrak. Atepean ere lan bikaina egin zuen Ander Ballesterosek gelditu klabeak eginez, garaipena taldeari errazago utziz. Aurrean berriz, Lander Casado bilakatu zen norgehiagokako goleatzaile nagusia zortzi golekin. Ate aurrean eraginkorrak azaldu ziren armaginak beste astebetez eta horrek bi puntuak lortzeko aukera areagotzen du. “Ipuruako aurreko partidetan baino eraso arinagoa erakutsi zuen Eibar Eskubaloiak, baita gogotsuago eta sutsuago defentsan; horretaz gain, Ander Ballesterosen geldituek kontraeraso gehiago sortzeko aukera eman digu”.
Lidertzan jarraitzen dute Fernandorenak 13 punturekin lorpen bikain honen ostean. “Goian jarraitzeko garaipen oso garrantzitsua, kalitate askoko arerio baten kontra”. Hori bai, bigarren den Anaitasunak lau partidu gutxiago jolastu ditu eta denak irabazi gainera. Naparrez gain bete bi taldek ere zortzi puntu dituzte. Datorren asteburuan bidai motza, Elgoibartik bi puntuak ekartzea izango dute helburutzat Hierros Servando Eibarko mutilek.