Hierros Servando Eibarren porrot mingarria Uharten (22-15). Jokalari eibartarrek entrenamendu falta asko nabari zuten eta neurketan sartzen ahalegindu ziren arren, erasoko errendimendu baxuak aukera gabe utzi zuen taldea. Izan zituzten baja garrantzitsuak ere bere garrantzia izan zuten. Lander Casado eta Mikel Zuloaga adibidez, ez ziren norgehiagokan egon, aurrean umezurtz utziz taldea. Ez ziren bakarrak izan: “Gure goleatzaileen eta Uriarteren bajek, entrenamendu faltak gehituta, atzean sendoago eta aurrean zorrotzago egotera behartzen zigun Uharteren kontra”, aitortu zuen Fernando entrenatzaileak. Nafarrek aldiz, bi puntuak poltsikoratu zituzten defentsa gogor bati esker. “Egia esanda atzealdean ez ginen ondo aritu, taktikoki batez ere, Ballesteros gure atezainaren geldituek, gol gehiago jasotzea ekiditu zuten”.
Iosu Longas eta Mikel Etxeberria bilakatu ziren lehiako goleatzailerik nagusienak, sei eta bost golekin hurrenez hurren. Lehenago aipatu bezala, eibartarrak ez ziren fin ibili aurrealdean, hutsegite askorekin, bajek gogorki kolpatuz taldea. “Erasoan ez genuen gol jarioa izan, jaurtiketetan huts asko eginez, 29 hain zuzen ere, baita hiru penalti ere. Horretaz gain, 12 baloi galtzek kondenatu gintuen”. Porrota ez zen albiste txar bakarra izan armaginentzat: “Txarrena ez zen esku hutsik itzultzea, baizik eta Eneko Garetxanak belaunean duen mina, berriz somatu zuela atsedenaldian”. Albiste txar guztien artean, on bat nabarmendu dezakegu, gazteen ekarpena hain zuzen ere. “Jubenilak kantxan ikustea izan zen eguneko albiste on bakarra. Lehen urteko Mikel eta Jokin; baita bigarren urtekoa den Andoni ere”.
Nolanahi ere, lehen postuan jarraitzen du Hierros Servando Eibarrek 15 punturekin. Hori bai, Helvetia Anaitasuna eta Easygas Urduliz puntu bakarrera daude, hiru eta partida bat gutxiago jolastuta hurrenez hurren. Ereintza Aguaplast izango da Ipuruan datorren larunbatean, urte negargarri honetan jokatuko duten azken lehian, baina hori asteburua heltzean…