11.neurketa galdu gabe jarraian Hierros Servando Eibar taldeak batu zuena larunbatean Alcorta Forging Group Elgoibarri Ipuruan irabazi eta gero (28-20). Nagusi izan ziren armaginak norgehiagoka guztian, sendo, momentutxo batean ahulezi puntua erakutsi bazuten ere, maisutasunez gailendu ziren gureak. Azken 11 partidetatik 10 irabazi ditu eta bestea berdindu talde armaginak, datu izugarriak ez bairik gabe.
Aginte makila ederki erabili zuten eibartarrek, lehia osoan markagailuan aurretik izanda. Egia da aldea handitzea kostatu zitzaiola taldeari hasiera batean, hala eta guztiz, ez zituzten bi puntuak arriskuan ikusi. Atzean fin aritu ziren armaginak 20 gol jasoz, 6 soilik bigarren zatian. Erasoan berriz, zorrotz, Lander Casado eta Ander Eizagirre bilakatu ziren norgehiagokako goleatzaile nagusienak 8 eta 6 golekin hurrenez hurren.
Bigarren da taldea orain 40 punturekin eta lehen postua bi puntura dute. Hirugarrena, aldiz, zazpi azpitik da, koltxoi bikaina ligako azken zatiari aurre egiteko. Txapelketako bigarren talderik goleatzaileena da eibartarra eta denboraldi bikainari erremate ezin hobea emateko bigarren leku horri eutsi beharko dio. “Egutegi oso zaila daukagu liga amaiera arte eta lanean gogor jarraitu behar dugu, lehiakorrak izan denbora guztian eta fidatu gabe jokatu”. Armaginen entrenatzaileak ondo dioen bezala, neurketa oso zailak datoz: Helvetia Anaitasuna, Uharte eta Ereintza Aguaplast dira hurrengo hirurak, hau da, lehen sailkatua, laugarrena eta hirugarrena hurrenez hurren. Hala eta guztiz, gure jokalariak prest daude erronkari ekiteko. “Hortaz aparte, ez dugu ezustekorik nahi geratzen zaizkigun neurketetan, horrela, %100ean bukaera arte borrokatu”, ondorioztatzen du Fernandok.
Senior Hierros Servando Eibar B 29-26 Ordizia Siglo XX Plater prestatuak 2.j Ipurua
Kadete BM Bidasoa 23-17 Grupo Mecalbe Eibar 6.j Artaleku kiroldegia, Irun
Kadete Cartonajes Arregi Aloña Mendi 18-18 Grupo Mecalbe Eibar 5.j Zubikoa kiroldegia, Oñati
Kadete Zarazpe Pulpo 40-27 Hierros Servando Eibar B 6.j Lubaki kiroldegia, Zumaia