Hierros Servando Eibar taldeak ezagutzen du jada zein den Zilarrezko Ohorezko mailarako igoerarako bidea. Astelehen arratsalde honetan ospatu da faseko zozketa eta eibartarrak bigarren multzoan sailkatuta geratu dira. Gainera, multzo honetako sei partidak Lanzaroten jokatuko dira ekainak 4tik 6ra. Ostiralean, etxeko taldea, Gourmet Ampate Lanzarote izango da armaginen arerio; larunbatean berriz, CB Soriaren kontra arituko dira; eta igandean, azkenik, Agustinos Alicanteren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.
Gourmet Ampate Lanzarote, bigarren sailkatu da A multzoan eta Mikita Liavonau da jokalaririk erasokorrena; etxean jokatzeak puntutxo bat emango die. BM Soriak ere, B multzoko bigarren postua lortu zuen arazo larririk gabe eta beste arerio zaila eibartarrentzat. Jose Andres Torres da Gaztelakoen goleatzailerik onena; eta azkenik, Agustinos Alicante, puntu bakar bategatik E multzoko txapeldun bilakatu zen eta Alvaro Cabanas dute goleatzailerik onena.