Malen Aja (Eibar, 2000), jokalari gaztea da oraindik, hala ere, 10 urte daramatza Eibar Eskubaloi taldeko maila ezberdinetan jokatzen, eta aitortzen du Grupo Mecalbe Eibarrekin lortu berri duen Euskal Ligarako igoera, bere eskubaloi ibilbide motzeko lorpenik hoberena izan dela. Dena den, gure protagonistak oinak lurrean ditu eta ez du burua galdu nahi, maila berriaz eta eskubaloiaz gozatzen jarraitzea baizik. Taldearen urte paregabeaz ere mintzatu da Malen.
Zorionak egindako denboraldiarengatik eta lortutako sariarengatik, zer suposatzen du taldearentzat Euskal Liga Lehen Nazionalera igoera honek?
Hasteko aipatzekoa da senior nesken taldean egon den aldaketa. Orain dela urte batzuk taldea nahiko justu zebilen, jendeari dagokionez, eta taldeari eustea lortu dugu denon artean. Oso harro gaude denok aurtengo denboraldi osoan egindako lanaz, eta lorpen hau lan honen oparia izan da.
Eta zuretzat pertsonalki?
Nik taldearen sentimendu berdina daukat, alde batetik oso harro nago, eta bestetik, gogotsu datorren denboraldiari begira, liga berri bat da guretzat eta.
Aurretik jarrita zeneukaten helburua goitik behera burutu duzue, ez?
Baietz esan daiteke, denboraldi hasieran jarritako helburuetako bat baitzen, eta denboraldi osoan honen inguruan ibili gara lanean, seriotasunez eta konpromiso handiarekin.Berriz esanda, urte zoragarria izan da.
Bai. Bi faseak batuta, 9 garaipen 9 neurketa jokatuta. Batez beste 26,6 gol alde eta 18 kontra. Zenbakiek erakusten duten bezala arerioak baino hobeagoak izan zarete. Nagusitasunez gailendu zarete, hain erreza izan al da?
Ez, ez da erraza izan. Gaur egungo egoera berezi hau dela eta, etengabe aldatzen eta moldatzen ibili behar izan gara. Honen aurrean, taldeak izan duen jarrera ezin hobea izan da momentuoro. Gainera, partidu bakoitzaren atzean Andoniren aldez aurretiko izugarrizko lana, Eneritzen indarra, zein taldekideon konpromisoa goraipatzekoak dira.
Ze momentukin geratzen zara?
Azkeneko partidua irabazi osteko betetasunarekin geratzen naiz.
Eta ahaztea nahiko zenuena?
Ez nuke momenturik ahaztu nahiko, nolabait momentu “txarrek” lortu duguna posible egiten lagundu digute eta.
Inoiz lortu duzun lorpenik hoberena al da honako hau?
Bai, nik horrela sentitzen dut behintzat.Orain arte ez dut inoiz zerbait lortzeko borrokatu, hau da, aurten lehenekoz izan dut aukera zerbait lortzeko borrokatzea, horregatik, Euskal Ligara igotzea lorpenik hoberena dela deritzot.
Ze beste bizipenekin geratzen zara eskubaloian daramazun denboran?
Eskubaloiak hainbat gauza eman dizkit urte guzti hauetan, baina sortzen diren harreman estuak goraipatuko nituzke, bai taldekideekin, entrenatzaileekin, delegatuekin, beste talde batzuetako partaideekin, eta abar.
Non ikusten duzu zure burua hilabete batzuk barru?
Orain nagoen bezala ikusten dut burua etorkizunean, eta eskubaloiari dagokionez, liga berrian harro egoteko lana egiten ikusten dut taldea.
Ze helburu dituzu?
Helburu nagusiak eskubaloiaz gozatzen jarraitzea, gauza berriak ikastea, eta abar dira, eta talde moduan lanean orain arte bezala jarraitzea.
Aitak ere ekarpen handiak eman ditu hiriko eskubaloiari. Anaia, berriz, izugarri hazten ari da kirol honetan, nola da eskubaloia hainbeste maitatzen duen familia batean bizitzea?
Esan bezala txikitatik egon da eskubaloia presente etxean, eta hori orain, Jokin zein nik dugun motibazioaren eta eskubaloiaz gozatzeko dugun eraren erantzule dela pentsatzen dut.
Elkarrekin zaudetenean eskubaloiaz aritzen zarete ala albo batera uzten dituzue eskubaloiko xehetasunak zuen artean?
Bai, elkarrekin gaudenean eskubaloiaz aritzen gara. Honi dagokionez, urte honetan igarri dut streaming-a dela eta, denok batera partidu gehiago ikusi ditugula.
Taldera itzulita, Ane atezainak eskubaloia utzi berri du, zer suposatu du horrelako jokalari batekin jolasteak?
Aneren papera taldean urte guzti hauetan ezinbestekoa izan da. Senior nesken taldearen partaide izan naizenetik beti sentitu izan dut Ane taldeak duen sendotasuna, eta giro onaren arduradun nagusi bat izan dela. Taldeak sentitzen duena espresatzen jakin du beti, eta esperientzi askoko pertsona bat denez, talde bezala hobetzeko proposamenak izan ditu beti.
Ze helburu du talde honek datorren urteari begira?
Taldearen helburu nagusien artean denboraldi honetan izan dugun konpromiso eta lan egiteko gogoarekin jarraitzea daude.
Norarte heldu daiteke talde hau?
Jende oso ona dator jubeniletatik eta mugarik ez jartzea, hoberena dela uste dut.
Datorren denboraldian mailari eusteko gai izango dela uste al duzu?
Denon artean lan ona egin dezakegula pentsatzen dut, beraz, mailari eusteko kapaz garela uste dut.