Jokin Aja gure jokalariak berebiziko deia jaso zuen pasa den astean. Datorren denboralditik aurrera FC Barcelona taldearen harrobian aritzeko eskaintza. Eskubaloia hainbeste maite duen familiarentzat berri pozgarria, ezbairik gabe. Beste deiak alde batera utzi eta dudarik gabe katalanena onartu zuen. Jokinek Bartzelonan jokatuko du irailetik aurrera. Hitz batzuk utzi dizkigu protagonistak joan baino lehen.
- Zorionak, nola jaso zenuen Bartzelonara joateko berria?
Berria heldu zenean ni ikastolan nengoen, baina etxera heltzean aitak kontatu zidan eta hasiera batean ezin nuen sinetsi.
- Espero al zendun holakorik?
Ez, ez nuen espero halako berririk. Eskubaloian ez da oso ohikoa beste toki batzuetako klubek oraindik seniorrak ez diren jokalariak fitxatzea.
- Zaila izan al da erabakia hartzea?0
Ez, berria entzun bezain laster erabaki nuen. Erraza dela uste dut munduko klub onenean jokatzera joan ala ez erabakitzea.
- Eibarren lehen taldearekin jokatu dituzu partida batzuk, esperientzia horrek lagunduko dizu, ez?
Bai, maila handiko eta jokalari nagusiago eta indartsuagoekin jolastea eta entrenatzea laguntza handi bat da.
- Zer da gehien faltan botako duzuna?
Familia eta lagunak. Urtean zehar ez ditut ia ikusiko, baina alde egitearen alde negatiboa da.
- Familia, bai aita eta baita arreba ere eskubaloi jokalariak. Zer diote zure abentura berriari buruz?
Aita ni bezain pozik dago, ilusio asko egin zion berri hori jasotzeak. Arreba, aldiz, oso harro dago nitaz eta esperientziaz disfrutatzeko esaten dit uneoro.
- Eta amak?
Ama ere oso pozik jarri zen berria entzutean. Hala eta guztiz. tristura sentitu zuen aldi berean, ni etxetik joan behar naizelako.
- Zein da zure helburua epe motzera?
Nire helburua epe motzera jokalari eta pertsona bezala hobetzen eta hazten jarraitzea da.
- Eta epe erdi-luzera?
Eta epe erdi-luzera Asobal ligan jolastu eta ahal baldin bada Bartzelonarekin.
- Jarraituko dituzu Eibar Eskubaloi taldeen partidak urruti egon arren, ez?
Bai noski. Etxetik urrun egon arren, urte hauetan nire kluba izan dena animatzen jarraituko dut.