Bi puntu baino gehiago balio dituen garaipena eskuratu zuen pasa den asteazkenean Arrate Eibar Eskubaloi taldeak Romo Broker Kirolen kantxan (31-32). Gauzak gaizki jarri zitzaizkien arren, armaginek markagailua irauli ondoren poltsikoratu zituzten puntuak. Lehen postuan sendo jarraitzen du talde eibartarrak, neurketarik galdu gabe eta egoera zailetan ere ondo moldatzen dela erakutsi zuen beste behin. Mikel Zuloaga izan zen armaginen goleatzailerik onena 9rekin eta bostgarren postuan da pitxitxien taulan 60rekin guztira. Hala ere, ez dago ospakizunetan murgiltzerik, larunbatean liga txapelketako beste hitzordu bat daukate eta Fernandoren mutilek eta. Beti Onak izango da aurkaria eta lehia goizeko 12etan hasiko da. Hirugarren neurketa zazpi egunetan eibartarrentzat, prestatzeko ia denborarik gabe, bolada onari jarraipena ematera kantxaratuko dira
Hamaikagarren postuan dira nafarrak hasiera gorabeheratsu bat eta gero. Hiru neurketa besterik ez dituzte irabazi eta bi galtzetik datoz Ipuruara, hala eta guztiz eibartarrak ezin dira fio eta hasieratik irabaztera irten beharko dira asteazkenekoa errepika ez dadin. Lander Etxarri Ruiz de Galarreta da kanpotarren goleatzaile nagusia eta adi ibili beharko da defentsa armagina berarekin. Iaz bi norgehiagokak irabazi zituen talde eibartarrak eta aurten bi puntuak Ipuruan ustea dute helburu lehen neurketan.
Emakumezkoen Arrate Eibar Eskubaloiak, aldiz, bigarren itzulia hasiko du larunbatean Bera Bera taldearen aurka arratsaldeko 20:00etan donostiko Bidebieta kiroldegian. Lehen postuan da, neurketa guztiak irabazi ditu eta helburua betetzear da talde armagina, baina oraindik bost neurketa geratzen dira eta ezin dira fidatu. “Partidu zaila espero dugu. Ez dute partidurik galdu etxean eta talde oso indartsua daukate, batez ere erasoan”, dio Andoni Perez entrenatzaileak. Bigarren dira sailkapenean donostiarrak lau puntutara eta lehen itzuliko neurketa eibartarrentzat izan zen Ipuruako lehian. Dena den, badakite eibartarrek zein den irabazteko gakoetariko bat. “Lan asko edukiko dugu defentsan eta atzeko lanak ondo egiten baditugu bi puntuak etxera ekartzeko aukerak izango ditugula argi daukagu”. Karmele Hurtado eta Nagore Ruiz baja izango dira larunbatean, orkatilan lesio bana daukatelako. Hala ere, konfiantzaz gainezka dira Andoni Perezen neskak.
Senior mutilak Indupime Basauri-Arrate Eibar Eskubaloia B LAR 18:15 Artunduaga kiroldegia, Basauri
Jubenil neskak Arrate Eibar Eskubaloia- La Salle-Saieko LAR 10:00 Ipurua
Kadete neskak Inmo Azkue Pulpo-Arrate Eibar Eskubaloia LAR 13:15 Lubaki kiroldegia, Zumaia
Kadete mutilak Aukera electrónica Hondarribia-Arrate Eibar Eskubaloia B IGA 10:00 Hondartza kiroldegia, Hondarribia
Infantil neskak Aloña Mendi-Arrate Eibar Eskubaloia LAR 12:15 Zubikoa kiroldegia, Oñati
Infantil neskak Arrate Eibar Eskubaloia B-Aiala C Zarautz LAR 12:45 Universidad Laboral
Infantil mutilak Arrate Eibar Eskubaloia-Bergara LAR 11:30 Universidad Laboral
Infantil mutilak Arrate Eibar Eskubaloia B-Bideosoa Bidasoa Irun B IGA 10:00 Ipurua
Senior beteranoak Arrate Eibar Eskubaloia-Veteranos Urdaneta IGA 11:45 Ipurua