Gure taldeek denetarik bizi izan zuten eskubaloiaz jositako asteburuan. Gizonezkoen Arrate Eibar Eskubaloiak Beti Onak garaitzen zuen bitartean (33-25), emakumezkoek ezin izan zuten Bera Bera menderatu Donostin (25-16), liga txapelketan urte t´erdi galdu gabe egon eta gero. Hala ere, lehen postuan jarraitzen dute bi taldeak nagusitasun osoz: Fernandoren mutilek, 19rekin, lau puntu ateratzen dizkie Helvetia Anaitasuna eta Sugraf Zaragozari; neskek, 10ekin, Bera Bera eta Ameztoi Zarautzi bi puntu ateratzen dizkie, bukatzeko lau neurketaren faltan. “Lidergoan segitzen dugu beste aste betez eta akatsetatik ikasi behar da”, zioen Andoni Perez entrenatzaileak.
Berri onekin hasita, gizonezkoen bolada onari buruz hitz egin behar dugu. Beste garaipen itzel bat liga txapelketan, Ipuruan oraingotan, bederatzigarrena 10 neurketetan. Ondo eutsi zion lehenengo zatian talde nafarrak, etxekoen hutsak kontraerasoetan aprobetxatuz. Hiru gol aurretik egon ziren kanpotarrak eibartarrak estu hartuz. Baina 6-1eko partzialak abentaila eman zion berriz ere gure taldeari atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian defentsa gogortu eta aldea zabaltzea lortu zuten armaginek, azken minutuetan lasaiago eta presio gabe jokatuz. Lander Casado (7), Asier Urain (6) eta Axier Gisasola(6) izan ziren gure goleatzailerik onenak; Lander Etxarri neurketakoa 9rekin; gure atezainak ere goraipatu behar ditugu, geldiketa zoragarriak egin zituzteen eta.
Lehenago aipatu bezala, emakumezkoen Arrate Eibar Eskubaloia urte t’erdi zaramatzan liga partidurik galdu gabe, 18 hilabete geroago heldu da beste porrot bat, hala eta guztiz, taldeak indartsu jarraitzen du lehen postuan. ”Ez zan gure partida izan”. Aurretik jarri ziren donostiarrak hasieratik errenta zabalduz, hala eta guztiz, eibartarrak suspertzea lortu zuten gol batera jarriz. Dena den, ez ziren izan markagailua iraultzeko gai eta bukaerararte saiatu ziren arren, puntu gabe itzuli behar izan ziren etxera “Defentsa irekia jarri genuen azkenean, ea buelta ematea lortzen genuen, baina ezin”, penaz zen Andoni. Hala ere, ez dute burua makurtzen eibartarrek eta Kukullaga-Etxebarri taldearen bisita jasoko dute bi aste barru, helburua lortzeko beste pausu haundi bat emateko esperoan.
Arrate Eibar Eskubaloi taldeez gain nazioarteko emakumezkoen goi mailako eskubaloia ikusteko aukera izan genuen asteburu honetan. Sarrera ona izan zen Ipuruan, eskubaloi zaletu askorekin, gertaera gogoangarri bat bizitzea tokatu zitzaien. Emakumezkoen Argentinako selekzioak Europan lortzen zuen lehen garaipena ikusteko aukera izan zuten. Brasilek, aldiz, arazo gabe garaitu zuen Euskal selekzioa larunbatean Ipuruan. Bertan, gure jokalaria den Irune de Castro kamiseta berdearekin ikusi ahal izan genuen. “Esperientzia izugarria izan zan. Oso politxa kiroldegian sortu zan girua eta gertukuen animuak jasotzia. Gainera, goi mailako jokalariekin jokatzea paregabea izan zan”, zioen Irunek, oso pozik bizitako momentuaz.
Senior mutilak Indupime Basauri 26-26 Arrate Eibar Eskubaloia B Artunduaga kiroldegia, Basauri
Jubenil neskak Arrate Eibar Eskubaloia 32-23 La Salle-Saieko Ipurua
Kadete neskak Inmo Azkue Pulpo 15-28 Arrate Eibar Eskubaloia Lubaki kiroldegia, Zumaia
Kadete mutilak Aukera electrónica Hondarribia 38-20 Arrate Eibar Eskubaloia B Hondartza kiroldegia, Hondarribia
Infantil neskak Aloña Mendi 18-18 Arrate Eibar Eskubaloia Zubikoa kiroldegia, Oñati
Infantil neskak Arrate Eibar Eskubaloia B 27-25 Aiala C Zarautz Universidad Laboral
Infantil mutilak Arrate Eibar Eskubaloia 23-19 Bergara Universidad Laboral
Infantil mutilak Arrate Eibar Eskubaloia B 30-24 Bideosoa Bidasoa Irun B Ipurua
Senior beteranoak Arrate Eibar Eskubaloia 26-17 Veteranos Urdaneta Ipurua