Arrate Eibar Eskubaloi talde nagusiek beste bi garaipen handi lortu zituzten pasa den asteburuan eta sailkapenaren goialdean jarraitzen dute biek. Fernandoren mutilek Tolosa menderatu zuten bitartean Ipuruan (36-26), arazo handirik gabe, gainera, Andoniren neskek bi puntu baino gehiago balio zuen partida bereganatu zuten Leioan Lema Transit Askartzaren pistan (24-29). Kanpoko garaipenarekin hasita, 13. puntua lortu zuten eibartarrek eta bigarren postuan finkatzen dira, bai lehen postua eta baita hirugarrena ere bira daukate, Omega Peripherals Basauri 15ekin eta Bera Bera 11kin, donostiarrek berdindu baitzuten, hain zuzen ere.
Oso ondo hasi zuten partida eibartarrek, 5:1 defentsarekin, intentsitate handia erakutsiz eta hori markagailuan islatzen zen. Lehiaren zati handi batean 8-10 goleko errenta edukitzea lortu zuten armaginek, hala ere, ezin izan zuten 60 minutuetan intentsitatea mantendu: “40. minututik aurrera kriston bajoia euki dugu eta pixkanaka pixkanaka Askartza hurbiltzen joan da”, zioen Andoni Perez entrenatzaileak. Baina talde honen kalitatea izugarria da eta momenturik zailenetan ere daukaten onena atera dezaketela erakutsi zuten berriro neskek. “Azkenian ondo kudeatu ditugu, bai erasoak eta baita defentsa ere, beraz bi puntuak Eibarrera”. Goraipatzekoa Amaia san Martin lana taldea zuzentzen eta Ane Treviñoren 5 golak , nahiz eta aktan 3 jarri. Datorren astebururan ez da liga jardunaldirik izango, bi aste barru Urdaibai Bilboats talde bizkaitarrak bisitatuko du Ipurua.
Lidertzan sendo jarraitzen du gizonezkoen taldeak, jokatu dituen neurketa guztiak irabazi eta gero, bat ezik, berdindu egin zutelako, hau da, 18 garaipen guztira, eta honek ez duela etenik ematen du, forma ezin hobean direlako gure mutilak. Helvetia Anaitasuna ere bikainki dabil eta 6 puntura dira nafarrak. Berdinduta hasi bazen ere larunbateko lehia, 10 minutu besterik ez zuten eutsi tolosarrek, hortik aurrera armaginek markagailuan aldea zabaltzen joan ziren denbora pasa ahala. Lidertzan zerbaitegatik daudela erakutsi zuten beste behin eibartarrek. Oraingotan Mikel Zuloaga izan zen armaginen goleatzailerik onena 9rekin eta Asier Urain bigarrena 7rekin. Datorren astean Egia Teila fabrika izango da Ipuruan.