Emaitz positiboak Arrate Eibar Eskubaloi talde gorenek lortu zutenak pasa den asteburuan. Gizonezkoen lehen taldeak bakarrik utzi zuen puntutxo bat bidean, Jacar San Antonioren kantxan berdindu eta gero (34-34). Lehen postuan sendo jarraitzen dute armaginek 40 punturekin, Helvetia Anaitasuna 5era hurbildu delarik, hori bai, hirugarrena den Il capo Hondarribia Bidasoak galdu eta 10era da jada. Bai bi filialek eta baita emakumezkoen lehen taldeak ere garaipen itzelak lortu zituzten aste-bukaeran. Bi puntu baino gehiago balio zuen garaipena lortu zuten Andoni Perezen neskek Ipuruan Urdaibai Bilboats garaituta (27-18) eta bigarren postuan jarraitzen dute Omega Peripherals Basauri 2 puntura dutelarik, baina hirugarrena den Bera Bera 4 azpitik da jada, beraz asteburu borobila eibartarrentzat. Datorren asteburuan Eraiken Eharialdea izango da Ipuruan bost partidu faltan.
Fernando Fernandezen mutilek neurketa gogorra bizi zuten Nafarroan eta puntua ekartzea lortu zuten norgehiagoka oso parekatu batean. Azken minutu zoroek, lehia ez zela izan nolanahikoa adierazten dute. Edozein taldek irabazi ahal izan zuen partida, hala ere, puntu banaketa suertatu zen amaieran. Denboraldiko eibartarren lehen porrota heltzear izan zen, baina momenturik zailenetan ere ederki moldatzen direla erakutsi ziguten beste behin. Etxeko Oier Berasategi izan bazen ere neurketako goleatzailerik nagusiena 9 golekin, eibartarrek bikainki banatu zituzten golen egileak, eta oraingo honetan Garikoitz Viguera bilakatu zen armaginena 5 tantukin. Goialdean jarraitzeko puntu garrantzitsua. Datorren astean Romo Broker Kirola izango da Ipuruan. Lehenago aipatu bezala, bi filialak garaile irten ziren asteburuan. Neskek Mirotza Orio menderatu zuten bitartean (24-30), mutilek Urdaibai Isabel garaitu zuten (34-28).