Kutx eta pil Arrate Eibar lehen taldeentzat. Neskek liderra den Omega Peripherals Basauriren kontra galtzen zuten bitartean (17-30), mutilek ez zuten arazorik eduki Trapagaran menderatzeko Bizkaian (24-32). Lehen postuan sendo jarraitzen dute armaginak 44 punturekin; Helvetia Anaitasuna 5 azpitik da eta Ilcapo Hondarribia Bidasoa eta Sugraf Zaragoza 10. Hori bai, gipuzkoarrak partidu bat gutxiagorekin. 7 neurketa besterik ez dira geratzen liga amaierarako. Lehengo minututik gehiago zirela erakutsi zuten pistan eibartarrek, eta aurretik izan ziren hasieratik 60 minutuetan zehar. Hurbiltzen saiatu ziren arren, horiek ez zuten aukerarik eduki gipuzkoarren kontra. Asier Urain bilakatu zen norgehiagokako goleatzailerik onena 9rekin, Jon Barruetabeñak 7 egin zituen. Datorren larunbatean Easygas Urdulizek bisitatuko du Ipurua.
Gure neskek ez zuten erronka erraza asteburuan urteko talderik onenaren aurka, eta nahiz eta lehen itzulian berdinketa lortu arerio berberaren aurka, Ipuruan ezin izan zuten balentria errepikatu. Goitik behera nagusitu ziren bizkaitarrak eta birtualki sailkatu dira azkenengo fasera. Bigarren postuan armaginak dira 17 punturekin eta Bera Bera talde donostiarra hirugarren da 15ekin. Hori bai, liderraren aurkakoa geratzen zaie oraindik. Gogor aritu beharko dira eibartarrak azkenengo hiru jardunaldietan, bi Ipuruatik urruti jokatuko dituzte, gainera. Dena dela, orain arte bezala arituta ziur sailkatuko direla gureak, maila handia baitute. Eutsi neskak. Datorren astean fase honetako etxeko azken partida jokatuko dute Lema Transit Askartzaren aurka. Gizonezkoen filialak ere jokatu zuen asteburuan, emakumezkoek atseden hartzen zuten bitartean, eta nagusitasunez gailendu ziren igandean Limpiresol Corazonistasen kontra gure mutilak (32-23).