Bueltan da eskubaloia eta Mecalbe Eibar bi talde gorenek hitz ordu bana daukate aste-bukaeran. Gizonezkoak etxetik at arituko diren bitartean larunbatean arratsaldeko 18:50etan Traparango udal kiroldegian, emakumezkoek Gaurve Asesores Elgoibarren bisita jasoko dute Ipuruan igandean eguerdiko 13:00etan. Bikainki bukatu zuten urtea gure taldeek garaipen banarekin, beraz, jarraipena ematera kantxaratuko dira armaginak. Gogoratu beharra dago, neskak 13. Postuan direla 6 punturekin. Mutilak aldiz, 4. dira 19rekin.
Bigarren itzuliko bigarren neurketa izango da neskentzat eta punturik atera ez duen taldearen aurka arituko dira. Gainera, ligan gol gehien jaso duen taldea da elgoibartarra eta hori aprobetxatzen saiatuko dira Andoniren jokalariak. Urteari hasiera ezin hobea ematea da helburua, eta bide batez, aurretik direnen aldea murriztu sailkapenean. Hori bai, behealdean daudenen artean golik gehien sartu dituen taldea da Elgoibar eta tentuz ibili beharko dira eibartarrak. Eider Elorza da zurigorrien onena erasoan, guztira 83 gol egin baititu txapelketan, neurketako batezbeste ia 6. Arerio xamurra ematen duen arren hasiera batean, ezin dira fidatu armaginak eta dena ematera pistaratu beharko dira lehen minututik lehen itzuliko garaipena errepikatzea nahi badute.
Fernandoren mutilek, bestalde, irteera zaila daukate hurrengo asteburuan. Orain dela denboraldi gutxi zilarrezko mailan aritu zen Trapagaran bisitatu beharko dute eta. Lehen itzuliko azken partida izango da bientzat. Oso ondo hasi zuten bizkaitarrek txapelketa, hala ere, 4 porrot jasan zuten urte amaieran jokatutako azken 5 neurketetan, eta horrek, talde horiaren globoa hustu zuen. 6.ak dira sailkapenean orain 17 punturekin, eibartarrak baino bi gutxiagorekin. Iaz, bi norgehiagoketan nagusitu ziren armaginak, hala eta guztiz, aurten ez da hain erreza izango puntuak etxera ekartzea. Kontuan hartu behar dugu gure bi jokalari goleatzaileen taularen goialdean direla, Mikel Zuloaga eta Jon Barruetabeña, alegia, bigarren eta bosgarren hurrenez hurren. Gogoratu Ipuruako gure taldeen neurketak YouTubem zuzenean ikusgai direla.