Azken asteburu honetan beste porrot bat jaso du Mek Eibar Eskubaloia Zilarrezko taldeak, Errotabarri Eskubaloia taldearen aurka (15-20), oraingoan sentsazioa guztiz ezberdina izan den arren. Eibarko taldeak hasiera bikaina erakutsi zuen, partidurako zeukaten plana zehaztasunez gauzatuz. Defentsa funtsezkoa izan zen aurkarien kontraerasoak geldiarazteko, erasoan, pazientziak eta erabaki egokiek Andoni Perezen taldea borrokan mantendu zuten bitartean. Hala ere, atsedenaldira iritsi baino lehen egindako hutsegite pare baten ondorioz, eibartarrak bi gol behera eginda heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia etengabeko borroka izan zen eibartarren aldetik partida berdintzeko eta garaipena lortzeko borrokan mantentzeko. Nahiz eta taldean lau baja baino gehiago izan eta bigarren sailkatuaren aurka jokatu, Zilarrezko neskek erabakitasuna erakutsi zuten eta ikuskizuna eskaini zuten Ipuruan, Eibarko zein Ermuko jendez gainezka egon zena. Partida bukatzerako jaurtiketetan izandako hutsegiteek ermuarren alde jarri zuten balantza.
Bestalde, Lehen Mailako taldeak Beti Onak-i irabazi zion (26-27). Bere osotasunean joko ona egin ez bazuen ere, azken txanpara irabazteko aukerekin iristeko gaitasuna erakutsi zuen. Defentsako intentsitate faltak eta jaurtiketa argietan egindako akatsek eragina izan zuten hasierako jardunean, taldea berdinduta edo markagailuan behera mantenduz.
Bigarren zatian, ordea, defentsan hobekuntza nabarmena erakutsi zuten eibartarrek, amaierarako markagailua berdindu zutelarik. Azkenean, Axier Gisasola kapitainren ekintza nabarmenari esker, 9 segundoren faltan, Fernando Fernandezen taldeak garaipena ziurtatzea lortu zuen.
Gainera, ezinbestekoa da Ane Montielek eta Andoni Perezek entrenatutako kadete neskak zoriontzea, Elgoibar, Urdaneta eta Saieko bezalako aurkari gogorrei aurre egin ondoren, Euskal Ligara igotzeko fasea gainditzea lortu baitute. Emozioz beteriko asteburua izango da, eta, ziur aski, denbora beharko dute asteburu hau ahazteko.