Lucía Gutiérrez, Mek Eibar Eskubaloia Zilarrezko Mailako atezainak, 19 urterekin, bere bizitzaren erdia baino gehiago darama eskubaloian jokatzen. Gaur berarekin hitz egiteko aukera izan dugu eta hauxe kontatu digu:
Oso gazterik hasi zinen eskubaloian jokatzen. Nola bizi izan dituzu urte guzti hauek?
Eskubaloiko eskolan 9 urterekin hasi nintzen eta geroztik bizimodu bat izan da. Nire adineko jendearekin harremanak izateko modu bat izan zena, azkenean nire zati garrantzitsu bat bilakatu da, eta ez nuke inola ere ez alde batera utziko. Eskubaloiak pertsona gisa hazten eta jokalari gisa hazten lagundu dit, nire denbora administratzen ikasi dut, ikasketak, entrenamenduak, partidak eta abar uztartuz.
Inoiz planteatu al zenuen Zilarrezko Mailan Eibar Eskubaloia taldearekin jokatzeko aukera?
Ez, hau amets bat izaten ari da, kadeteetatik Euskal Ligara igotzeko borrokan, hori lortzeko partidak bikoiztuz, eta beti geratzen ginen ligatik kanpo puntu bakarragatik, golaberageagatik, eta azkenean jubenilen azken urtean igotzea lortu genuen. Denboraldi horretan, indargarri gisa jokatzen hasi nintzen senior taldean, Euskal Ligan, eta, azkenean, zilarrezko igoerako fasea jokatu genuen. Hau zoramena! Bigarren urtea egiten ari gara Zilarrezko Mailan eta, sufritu ere egite n dugunarren, partidaz partida gozatzen ari gara.
Errotabarriren aurkako partidak sentsazio onak utzi zizkizuen…
Partida galdu genuen arren, taldeko guztiok harro gaude emaitzaz, eta uste dut aurre egin geniela eta ia partida osoan 2 gol azpitik egotea lortu genuela.
Nola ikusten duzu taldea hurrengo partidetarako?
Nahiz eta azken hilabetean oso baja garrantzitsuak izan, moral altuarekin jarraitzen dugu. Badakigu partidak galduko ditugula, baina baten bat irabaziko dugula ere badakigu. Beti saiatzen gara gure %100a ematen, eta hori nabaritzen da, ez bakarrik partidetan, baita entrenamenduetan ere. Oso pozik nago gure bilakaerarekin eta hemendik denboraldiaren amaierara arte izugarri borrokatuko dugulakoan nago.
Jende askok galdetzen du zergatik atezaindegian. Zer esango zenieke zuk?
Batere pentsatu gabe hasi nintzen atezain bezala jokatzen. Atezain izateko boluntarioak eskatu zituzten eta eskua altxatu nuen. Bai, egia da multikiroletan soilik baloia ukitzearren aukeratu nuela postua.
Izugarri gustatzen zaidan postua da, ez naiz damutzen aukeratu izanaz; urteak igaro ahala konturatu naiz postu honek duen garrantziaz eta lanaz.
Kirol honetan hasten diren pertsonei zerbait esan beharko banie, atea alde batera ez lagatzeko litzateke. Egia da batzuetan kolpe pare bat jasotzen direla, hori ez dut ukatuko, hala ere, mundu guztiak ate barruan irudikatzen duen baloi bat gelditzearen poztasunak aurrez jasotako edozein kolpe gainditzen du. Defentsako azken lerroa da, atea babesten duena, jokalariei begiratu eta hauek gidatzen dituena, eta, beraz, funtsezkoa jokoan.