Mikel Zuloaga Ariñok, Lehen Maila Nazionaleko jokalariak, 32 urte izanik, jada hamazazpi urte daramatza eskubaloian jokatzen. Esperientziadun jokalaria da eta argi dauka zer den eskubaloiak eman dion onena. Aste honetan berarekin aritzeko aukera izan dugu.
Lesio garrantzitsu batekin zabiltza. Zelan bizi duzu taldearen gora-beherak harmailatik ikusi behar izatea?
Ez nuke esango larria denik, edo hori espero dut. Belauneko frogak egin dizkidate eta ondo joan dira; itxura dauka tendinitisa izatearena baina Fernandok eta biok denbora batez geratzeko erabakia hartu genuen azken finean urte hasieran zegoen helburua lortuta zegoelako eta ez zeukan zentzurik lesioa indarrez behartzeak. Lehenik eta behin, mina agertzen denean, geratzea garrantzitsua da. Masajistarekin egon naiz, froga batzuk egin dizkidate eta irteten denaren zain nago orain. Hala ere, Aste Santua eta gero jokatzera itzultzeko asmoa daukat. Eta harmailatik partiduak ikusi behar izatea? Beti eraman izan dut gaizki, nahiago dut jokoan egon, kanpotik inpotentzia sentitzen dut gauzak ondo ez doazenean, laguntzeko ezer egin ahal ez izateak… Baina ikusten nagoenarekin gustora nago, gazteak gustora dabizela ikusten dugu, hobetzen dabiltzala… Hala ere, argi dago jokatzea gustatzen zaionari ez zaiola inoiz erreza egiten taldea kanpotik ikustea.
Taula erdian mantentzen zarete. Azken asteko deskantsuak taldeari indarra emango diola esango zenuke?
Deskantsu hauek beti etortzen dira ondo, gehienbat denboraldi amaieran direnean. Denboraldia luze egiten da eta jendea ikututa egoten da, lesioak, minak… Beti dator ondo pixka bat gelditzea.
Zein helburu zenituzten denboraldi hasieran? Beteko dituzuela aurreikusten duzu?
Denboraldi hasieran uste dut denok harritu ginela egin genuen hasiera onarekin. Joan den urtean baja oso garrantzitsuak egon ziren eta uste dut inork ez zuela espero aurten ibili garen moduan ibiltzea. Taldearen erantzuna oso ona izan dela esango nuke; hilabete txar bat izan genuen, galdu behar ez genituen partida batzuk galdu ditugu eta uste dut hor egin genuela gure lekura salto, behar genuen lekura. Orain klasifikazioan hobeto egon ahalko ginakeela? Seguraski bai, baina ez dut uste lenengo bi edo hiru talde onenen artean egongo ginatekeenik ere, hori ez da gure helburua. Klasifikazio erdian gaude eta inguruan dagoena ikusita uste dut hori dela gure tokia. Urte hasieran hau esango baligute uste dut denok sinatuko gendukeela.
Nola ikusten duzu zure etorkizuna eskubaloian?
Hamazapi urte eta gero uste dut eskubaloiak gauza asko eman dizkidala eta hainbeste denbora eta gero agian ez zaude guztiz prest zure kirola lagatzeko. Beti pentsatzen duzu “hau azken urtea izango da” eta gero urte horiek pasatzen dira eta beti dator beste bat. Beti esan dut demnbora ahalik eta gehien aprobetxatu behar dela, uste dudalako behin utzitza gero ez zarela inoiz maila berdinean itzultzen. Hobeto da luzatu, utzi eta berriro hastea baino. Egia da nik azken urteetan zorte ona izan dudala ez dudalako lesio larririk izan eta horrek aukera eman dit jokatzen jarraitzeko. Fisikoki baino, mentalki batzuetan nekea igertzen da: lana, denbora eza… Asko limitatzen du talde baten dinamikan egoteak. Baina nire etorkizuna ez dakit, oso gustora nago taldearekin, jendearekin… Hankako lesioagatik izango ez balitz, ia seguru esango nuke datorren denboraldiari begira jarraituko nukeela. Hankak jolasten luzatzea baimentzen badit, agian egingo dut.
Bestalde nire buruari galdetzen diot, jokatzeari lagako banio, ea entrenatzaile moduan joango nintzakeen astero. Uste dut ezetz. Agian txikien laguntzaile bezala partidarenbaten? Agian horrelako zerbait bai baina astero lau aldiz kiroldegira joan behar izatekotan jokatzeko egingo nuke.
Eta iragana? Zein esperientzia azpimarratuko zenuke?
Oso momentu zailak baina oso onak bizi izan ditut kirol honetan. Fase pila bat jokatu ditut eta hori da niretzat eskubaloian egon ahal den premiorik handiena, jokatzen dugun maila zein den kontuan hartuta gutxienez, ez gara profesionalak. Asteburua taldearekin kanpora joan, bizi den giroa, hiru partidu jokatzea… Behin igota goiko mailan jokatzea ondo dago baina premio handiagoa da fasea bera. Egia da kolpe handienak faseetan jaso ditudala ere: Arrasaterekin lau bat fase jokatu ditut, Eibarrekin pare bat… Eta igotzen ez zarenean ere kolpeak min egiten du. Egun batzuetan txarto pasatzen duzu eta denbora pasatzen denean baloratzen dituzu taldearekin pasatako momentuak.
Agian momenturik azpimarragarriena 2013ko fasea dela esango nuke, Arrasaterekin igo ginenean. Eta bestela Eibarrekin etxean jokatu genuen azkena, baina kolpe handia hartu genuen galdu egin genuelako. Eta gero egin ditudan lagun guztiak, noski, harreman estuak. Hori zalantza barik baloratzen dut.
Eta azken galdera… Eibar Eskubaloiko gazteenei zer esango zenieke aukera izanez gero?
Gustoko badute eskubaloia, jarraitzeko. Gauzak ondo egin, beste gauza asko egiteko denbora egongo da beti gero. Eskubaloian egiteko urte batzuk daude eta agian gero beste desira batzuk egongo dira. Ez utzi eskubaloia aukera izan eskero.