Ane Zubia, Grupo Mecalbe senior taldeko atezainak bere bizitza pertsonala, daukagun koronabirus egoera, kirola eta etorkizunean zer topatu dezakegun uztartu ditu elkarrizketa honetan bere iritzia emanez.
PERTSONALA
Ze posiziotan jolasten duzu?
Atezain
Noiz eta nola hasi zinen kirol hau praktikatzen?
Kadeteetan hasi nintzen. Txikitatik egin izan dut kirola baina talde-kirola probatzeko gogoa neukan eta lagunekin probatu nuen lehenengoz, kasualitate hutsez. Pixkanaka engantxatzen joan nintzen, gaur egun arte.
Zer da kiroldegira igotzerakoan gehien gustatzen zaizuna?
Taldekideekin espazio bat eta emozio ugari partekatu ahal izatea, batzen gaituen kirol bati esker. Kiroldegira igotzen garen bakoitzean badakigu bertan gertatu daitekeen edozer, taldean emango dela eta horrek izugarrizko “plus”a ematen dio egunerokoari. Adinari dagokionez, talde anitza gara eta horrek gauza asko ikasteko balio izaten digu, bai arlo pertsonalean eta baita jokoan ere.
Eskubaloiaz gain, zer dira gehien gustatzen zaizkizun gauzak?
Argazkilaritza, zinea, filosofia irakurtzea… Gauza asko gustatzen zaizkit baina horiek azpimarratuko nituzke gehien bat.
Ze gauza gehiago egiteko aprobetxatzen duzu denbora?
Lanetik entrenatzera ibiltzen naiz normalean; aste barruak ez dit margen handiagorik ematen. Tartea dudanean lagunekin egotea ezinbesteko kontua ikusten dut eta hau, hobbiekin bat egitea posible denean, pack ederra bilakatzen da.
GAIXOTASUNA
Nola daramazu konfinamendu ziztrin hau?
Uste nuena baino askoz hobeto. Nire denbora beste modu baten antolatzeko aukera dut eta horrek askoz gauza gehiago egitea ahalbidetzen dit. Konfinamendu aurretik korrika ibiltzen nintzen alde batetik bestera eta orain gauzak beste ikuspuntutik ikusi eta ikasteko aukera aprobetxatu ahal izan dut. Horrek ez du kentzen egoera sozio-ekonomikoak larritzen ez nauenik (bai, arduratzen nau), baina zerbait ikasteko balioko digulakoan nago.
Gauzak hobetzen doazela dirudi, ala?
Badirudi baietz, baina ez ninduke harrituko egoerak berriz buelta emango balu.
Asko entzuten ari gara orain beherakada dagoela baina negurako berriz itzuliko direla kasuak, zuk uste?
Nahiago dut neguan pasatuko denaz gehiegi ez pentsatu. Datorrena datorrela, moldatu beharko gara eta orain dugunarekin zentratzea ikusten dut, nire kasuan eta egoeran, aukerarik onena.
Mugitzen al zara ala lehen baino kirol gutxiago egiten duzu?
Lehen baino kirol gehiago egiten dudala esango nuke. Esan bezala, dudan denbora beste modu baten antolatu ahal izan dut eta tarte garrantzitsu bat eman diot kirolari; erraza da etxean bertan zaudenean inora mugitu gabe eta denbora tarte labur batez bada ere gorputza aktibatzea.
Ados al zaude agindu diguten faseekin eta nola dauden arauak sailkatuak?
Agian inkontzientzia hutsetik nabilela dirudi, baina etxean astean behin soilik pizten dugu telebista koronabirusaren inguruko berriak entzuteko; egunkaria, soilik beharrezkoa denean. Beste kontu batzuez aritzeko aukera dugun bitartean, egin dezagun. Eta, egia esan, bideojoko baten pantailak pasatzen gabiltzala dirudi. Faseak, arauak, sailkapenak, aginduak… Ez naiz osasun arlokoa, ezta politikaria edota ekonomista ere eta, ondorioz, nahiago nuke nire sentimendu eta desiretatik ezer ez epaitzea. Jakintza minimo batzuetatik gauzak ezberdin egingo genituzkeela esan genezake baina ez dakigu benetan zer den fase guzti hauen atzean mugitzen dena, eta ez naiz ari soilik osasunaz mintzatzen.
KIROLA
Zer deritzozu eskubaloi txapelketa guztiak bertan behera ustekoaz?
Denbora batez, planetako toki batzuetan eta eremu edo jardun konkretu batzuetan mundua gelditu da, nolabait esatearren. Lehentasunak markatu behar ditugula uste dut eta gustukoa izan ala ez, hala izan beharko zela esango nuke.
Eta txapeldunak eta igoerak, maila guztietan izendatzekoaz?
Federazioen erabakia da eta, bizitzan ematen den bezala, batzuetan ez dugu amaiera aurreikusten. Liga baten lehiatzen ari zarenean data konkretu batzuk dituzu, helburu zehatz batzuk lortzeko (mailaz igotzea, ez jaistea edota norberaren eta taldearen erronka pertsonalak) baina aurten ezin izan da horrela eman eta orain arte ondo aritu diren taldeek merezimendurik ez jasotzea ere ez litzateke guztiz justua izango.
Berriz berreskuratu beharko ziren eskubaloiko txapelketak ala berriak hasi ahal den momentuan?
Hori ere talde bakoitzaren interesen araberakoa dela uste dut. Guk hor ez dugu zer esan handirik eta, gure kasuan, txapelketa berreskuratzea aukera polita izan litekeen aldetik, ulertzekoa da beste talde batzuek izan ditzaketen aldeko eta kontrako jarrerak egoera horrekiko.
Futbolean adibidez lehenengo eta bigarren maila bueltatzen dira, eta beheragokoak igotze fase bat jolasten dute. Ados al zaude?
Ez naiz futbol zaleegia eta kirol bakoitza mugitzen duten interesak era askotarikoak izaten dira. Ados nagoen? Agian nahiago dut horretan ez sartu.
Taldeko kideekin harremanetan jarraitzen duzu? Zer diote?
Bai, noizean behin bideo dei bidez elkartzen gara guztiok eta, horrez gain, batzuekin gehiago eta beste batzuekin gutxiago, baina dezentetan jartzen gara kontaktuan. Koronabirusak sortutako egoera honen inguruko iritziak mota askotarikoak dira: onarpen hutsa batzuetan, liga amaitu ezin izanaren pena beste batzuetan…
ETORKIZUNA
Normaltasunera itzuliko al gara, hau da, lehen genuen bizitzara?
Kontzientzia maila neurri baten aldatuko delakoan nago, bai kontsumoari dagokionean, bai elkarrekiko zaintzari dagokionean ere. Hala ere, ez dakit zenbat iraungo duen horrek.
Arau bereziekin jarraituko al dugu denbora luze batez?
Baiezkoa botako nuke, guzti honi irtenbide ia behin betiko bat ematen zaion bitartean.
Noiz ikusiko dugu eskubaloia berriz martxan, irailerako bai?
Agian bai, baina udan zer gertatuko den ikusi beharko dugu. Badaezpada, hobe baiezko borobilik ez ematea momentuz.
Nola eragingo dio taldeari eta eskubaloiari arazo honek?
Ez nuke nahi taldeak barne kontakturik galtzea, ezta ere, eszenario distopiko batean, taldeko kirolak ia utopia bilakatzea. Pasatu beharreko zerbait da eta, normaltasunera itzultzean, ziur nago eskubaloiarekin kontaktua duen eta izan duen edonork gustu onez jasoko duela kirolaren beraren xarma.
Kirol hau praktikatzen ikusten duzu zure burua etorkizunean?
Jolasten jarraitzea gustatuko litzaidake baina taldeko kirola lanarekin uztartzea batzuetan zaila izaten da eta horregatik bizitzako momentuaren eta egoeraren araberako erabakia izango da. Momentuz, urtebetez ziur baietz.
You must be logged in to post a comment.