Pasa den larunbatean Lehen Mailako Mek Eibar Eskubaloia eta Casademont Zaragoza taldeen arteko lehia izan zen Ipuruako pabilioian (25-26). Zaragozako taldea maila honetako talde faboritoetako bat zen.
Hasieratik, Fernando Fernandezek zuzentzen duen etxeko taldearen helburua argia zen: konplexurik gabe jokatzea eta partidaren azken txanpara arte lehiakor mantentzea. Eta horrela izan zen, partida Casademont Zaragozaren aldeko abantaila txikiekin garatu zen, baina eibartarrak ez ziren kikildu. Hala ere, norgehiagokaren amaieran, Eibarko taldearen akatsak izan ziren balantza Zaragozako taldearen alde jarri zutenak.
Hurrengo erronkari begira, Lehen Mailako Mek taldea Anaitasunari aurre egiteko prestatzen ari da, igoera lortzeko lehian pisu handiko beste aurkari bati. Azkeneko partidan 25-22ko emaitzarekin garaipena lortu ondoren, Eibarko taldeak lehia berri honetan lehiakortasun-maila bera mantentzea izango du helburu.
Bestalde, Andoni Perezen Zilarrezko Dibisioko taldeak Basaurin jokatu zuen partida. Lehen minutuetan, Basaurik erraz menderatzen zuen partida bai posizio-erasoan bai kontraerasoetan, Eibarko taldea estutasunean jarriz. Hala ere, Nahia Benitezen 7 metroetatik sartutako golei esker, Eibar Eskubaloiak markagailuan mantentzea lortu zuen.
Partidak aurrera egin ahala, eibartarrak zailtasunak izaten hasi ziren erasoan zein defentsan, eta Basaurik abantaila handitu zuen. Andoni Perezen taldeak atsedenaldira iritsi aurretik erreakzionatu bazuen ere, eta Lucia Gutierrez atezainaren geldiketei esker, markagailuan gerturatu baziren ere, partidaren bigarren zatian beste behin gorabeherak izan zituen. Une erabakigarrian berdinketa lortu zuten arren, ezin izan zioten sendotasunari eutsi eta Basauriren presioaren aurrean amore eman zuten. Basaurik 28-24 irabazi zuen.
Mek Eibar Eskubaloia Euskal Ligako emakumezkoen B taldeari dagokionez, zoritxarrez, Eibarko jokalariek ez zuten zorterik izan beti aurkari gogorra izaten den Egiaren aurka. Ondorioz, markagailuak ez zien mesederik egin eibartarrei (28-34).