Asier Larrañaga (Beasain, 1989), Arrate Eibar Eskubaloiko mutilen jokalaria berandu hasi zen kirol honetan beste neska-mutilekin alderatuta, hala ere, ederki aprobetxatu ditu urteak eta sekulako zukua atera dio eskubaloiari. Arrate taldean zen desagertu zenean eta ezin zuen disziplina hau utzi gure hirira itzuli gabe. Eta ederki itzuli ere. Helburua lortu ez den arren , harro egoteko denboraldia egin dute gure mutilek. Horretaz eta gehiagoaz hitz egin digu berak.
-Ezin izan da helburua lortu Asier, hala ere, sekulako denboraldia burutu duzue. Zuek ere sentsazio horrekin geratzen zarete?
Bai, sekulako denboraldia izan dela baieztatzeko moduan nago. Denboraldi hasieratik eutsi diogu sailkapenaren lehen postuari, eta, nahiz eta ezin izan den helburu nagusia bete, azpimarragarria da jokalariek, entrenatzaile-taldeak eta zuzendaritzak egin duten lana.
-Zer da gehien nabarmenduko zenukeena?
Lehenengo jardunaldietatik azken aurrekora galdu gabe iristea ziurrenik oso talde gutxik lortu du, eta horrek, noski, sailkapenaren lehen postuan egotea bermatu du denboraldi guztian zehar. Aipatzekoa da, bestalde, taldekide guztien artean banatu direla minutuak, eta horrek, zalantzarik gabe, hauspoa emango diola taldeari datozen denboraldietan gora egiteko. Aurten taldekide berriak izan ditugu gurean, eta behetik ere indartsu bultzaka datoz jokalari gazte asko: bada, horien guztien integrazioa ere nabarmenduko nuke, argi ikusten baitut etorkizun oparoa duela taldeak.
-Azken fasean neurketa gehiago galdu dituzue liga osoan baino. Zein da zure ustez arrazoia?
Uste dut ez dagoela arrazoi bat eta bakarra. Ukaezina da igoera-faseetako taldeen maila oso altua dela: hala baiezta dezaket 5 igoera-fasetan parte hartu ostean. 15 partida jokatu ditut fase guztiak kontuan hartuta, eta partida bakarra irabaztea baino ez dut lortu. Lehia horren estua denean, akzio gutxi batzuek erabakitzen dute partida, eta ez da erreza 60 minutuan dena ondo egitea.
Partidak banaka aztertuta, lehenbizikoan, 10 minutuko itzali-aldiak kondenatu gintuen. Bigarrenean, irabazteko beharrak bultzatuta-edo, ezin izan genuen gure maila onena eman, eta gehiago izan ziren aurkariak. Hirugarrenerako, dena erabakita zegoen, baina garaipen bat eskaini nahi genien gure zaletuei, eta partidan zehar atzetik joan arren, azken minutuetan markagailua irauli eta irabaztea lortu genuen: aho-zapore benetan gozoarekin bukatu genuen.
–Urte bereziak urteurrenak direla eta. Nola bizi izan zenuen Arrateren desagerpena? Eta Eibar Eskubaloiaren hamar urteetako ibilbidea?
Tristura handiz hartu genuen berria. Abuztua aurredenboraldian egin ostean, Asobalen jokatzeko 15 gazteren ilusioa pikutara joan zen. Zorra bideratzeko plan bat bazela oroitzen dut, baina ezin izan zen aurrera eraman instituzioen sostengu falta zela medio. Ni garai hartan Arrasateko unibertsitatean nenbilen ikasten, eta bertako taldera batu nintzen.
Arrateren desagerpenak Eibar Eskubaloiaren sorrera ekarri zuen, eta goraipatzekoa da 10 urteotan klubak lortu duena. Beheko mailan hasi ziren, eta, urte gutxian, bigarren mailara igotzeko fasea lau bider jokatu da: gauzak ondo egiten ari diren seinale da hori, zalantzarik gabe. Argi dago Arrate, bere garaian, klub profesionala zela eta Eibar Eskubaloia gaur egun ez dela, baina urratsak ematen ari dira bide horretan. Horren adibide garbia da aurten igoera-fasea Eibarren jokatu izana. Ea instituzio eta enpresa pribatuek ikusten duten badela Eibarren gorantz doan talde bat, eta laguntzak handitzen diren.
-Hirian ere eskubaloianganako zaletasuna berriz bogan jarri dela ematen du, ez? Nola ikusten duzue barrutik?
Igoera-fasean bildu den jendetza ikaragarria izan da, eta oso eskertuta gaude eskaini dizkiguten animoengatik. Sekulako giroa egon da hiru jardunaldietan. Behin eskatzen hasita, urtean zehar giro berdinarekin jokatzea gustatuko litzaiguke.
Hiritarrak aipatuta, gaztetxoenak erakartzeko ere izaten dira elkarretaratzeak, eta oso positiboa da hori klubaren etorkizuna bermatzeko. Ni kanpotarra izaki, inbidia diot Eibarko gaztetxoari: sekulako azpiegitura duen taldea dauka herrian bertan eskubaloiaz gozatzeko, inora mugitu beharrik gabe, egundoko pista eta aparteko entrenatzaileak eskubaloia irakasteko, txikienetatik hasi eta lehen talderaino, nesketan zein mutiletan. Ederra litzateke herrian dagoen altxor hori denek aintzat hartzea.
-Enteratu gara eskubaloia uztekotan zaudela. Pozik egindako ibilbidearekin? Zerbait aldatuko zenuke?
Bai, hala da: hau izan dut azken denboraldia. Nahi izan dudan taldeetan jokatu dut, eta oso pozik nago egindako ibilbidearekin. Urte luzez jokatu dudanez eta talde ezberdinetatik pasatu naizenez, jende asko ezagutu dut bidean. Eta, azkenean, horrekin geratzen zara: eskubaloiak emandako jendearekin, eta haiekin bizitako momentuekin.
-Denetarik bizitakoa zara klub eta hiri honetan, Zer oroitzapenekin geratzen zara?
Aurretik aipatu bezala, ezagututako jendearekin geratzen naiz; jokalari, aurkari, entrenatzaile, fisio, delegatu, zuzendaritzako kide… Entrenamenduak, bidaiak eta partidak tarteko, denbora asko igarotzen duzu jende horrekin, eta familia baten parte sentitzen zara. Aldagelako giroa faltan sumatuko dut. Arrate-Eibar bikoa beti eramango dut nirekin bertan jasotako tratuarengatik: esku-zabalik hartu gintuzten etxekoak, lehenbizi anaia Mikel, eta, ondoren, ni. Oso eskertuta gaude.
Azken partida bukatu ondotik egindako agurra ere zoragarria izan zen. Bihotzez mila esker bertan parte hartu zenuten guztioi.
-Zer esaten diezu taldekoei datorren denboraldiari begira?
Orain arte bezala lanean fin-fin jarraitzeko, eta harmailetatik animatuko ditudala.
-Eskubaloiari lotuta jarraituko duzu ala beste bide bat hartzeko asmotan?
Beste bide bat hartuko dut kirolari dagokionez, oraindik zein izango den erabakita ez badaukat ere. Maila honetako eskubaloiari denbora asko eskaini behar diozu, eta beste hainbati konturi kendu. Orain arte egin gabeko gauza horiek egiteko unea iritsi zait, beste bizipen batzuez gozatzeko momentua. Eta tartean izango da Ipuruako ikustaldiez gozatzea; baina, oraingoan, harmailetatik.