TXAPELDUNAK. Grupo Mecalbe Eibar taldeak balentria egin zuen azken partida Ereintza Beissierri Errenterian irabazi (30-32) eta Lehen Nazionalerako igoera lortuta. Gainera, jokatu dituzten partida guztietan garaipena eskuratuz, mailako talderik onena izan dela erakutsi digute gure neskek. Ez zen lan samurra izan, hala ere, taldea ez zen deskonposatu gauzak zaildu zirenean eta denak bat eginda, saria eskuratu arte ez zuten amorerik eman. Hori horrela, urte zail, baina aldi berean denboraldi zoragarriari ginga jarri zioten eibartarrek.
Hasieran uste zen bezala, ez zen batere erreza izan, armaginak jakitun ziren zer zeukaten jokoan eta 3 goleko porrotarekin ere jomugara iritsiko zirela. Hori dela eta, zuhur jokatu zuten eta burua erabilita norgehiagoka kontrolatu zuten eibartarrek. “Bagenekien ez zela erreza izango, defentsa gogor mantendu behar genuela eta gure erasoa ahalik eta onena izan behar zela”. Asko kostatako koska izan zela aitortzen zigun Ane Zubia atezain eta kapitainak. Eskubaloi mundua utzi aurretik, taldeari azken ekarpena eman nahi zion Eibar Eskubaloiari hainbeste eman dion pertsonak, eta bai lortu ere, taldea Lehen Nazionalean laga eta poztasun handiz utzi zuen gorde zuen azken atea. “Lasai eta pozik geratu nintzen. Hasieratik helburua Lehen Nazional Euskal Ligara igotzea zen eta helburu horrekin aritu gara denboraldi guztian zehar, lortu dugun arte. Taldeko kide bakoitzak merezi zuen sari hau”, adierazi zuen Anek.
Izugarrizko maila eman dute eibartarrek urte osoan zehar, hala eta guztiz, ezingo litzateke helburua lortu teknikari gabe. Eneritz Gonzalez eta Andoni Alvarezek izugarrizko lana egin dute eta bidea erraztu diete gure jokalariei, horrela goraipatzen ditu Anek: “Taldekide bakoitzak izan duen inplikazio maila eskertzeaz aparte, Eneritzen indarra eta Andoniren lana goraipatu behar da denen gainetik”. Jokalariek sartzen dituzte golak, baina guztiz ezinezkoa izango litzateke talde bat goraino eramatea entrenatzaile eta prestatzaile gabe. Andoni, taldeko entrenatzaileak argi ditu zeintzuk izan diren arrakastaren gakoak: “Nabarmentzekoa da jokalari guztien lan egiteko gogoa, gauza berriak ikasteko gaitasuna, eta garrantzitsuena, beti irribarre batekin eta albokoari laguntzeko prest egon direla. Nire aburuz, hor egon da talde honen arrakasta. Izaera hori kantxan islatu da eta helburua lortzeko bideaz asko gozatu du taldeak”.
2-7ko hasierako partzialak lasaitasun puntu bat eman zien jokalariei eta atsedenaldira 3 goleko errentarekin iritsi ziren armaginak. Hala eta guztiz, bigarren zatian egoera aldatu egin zen eta errenteriarrak markagailua iraultzeaz gain 3 goleko aldea lortu zuten. “2. zatia oso desberdina izan zen eta partidan sartzea asko kostatu zitzaigun, aitortu zuen Andonik. Kinka larrian zeudenean atera zuten adorea eta indarra eibartarrek, denboraldia burutzeko azken erakustaldia eskainiz. Buruari buelta eman eta 17. Minututik aurrera ez zuten golik jaso, “partidari buelta ematea lortu genuen. Denboraldia ezin hobeto amaitu dugu, irailean jarri genuen helburua lortuta”. Pozik zen Andoni. Eta pozik ziren jokalari guztiak, eta bazuten arrazoirik, lortu zutena betirako denon oroimenean geratuko da eta, baita Eibar Eskubaloiaren historia orrietan idatzita ere. ESKERRIK ASKO ANE ETA ZORIONAK TALDE GUZTIARI.
- Senior Ereintza Beissier 20-24 Grupo Mecalbe Eibar 3.j Errenteriako udal kiroldegia
- Senior Ormaiztegi 30-32 Hierros Servando Eibar B 3.j Zubipe kiroldegia, Ormaiztegi
- Jubenil Urdaneta 30-27 Hierros Servando Eibar Euskal ligarako igoera taldeka Urdaneta kiroldegia, Loiu
- Jubenil Hierros Servando Eibar 29-22 Urdaneta Euskal ligarako igoera taldeka Ipurua
- Kadete Urdaneta 39-25 Hierros Servando Eibar Euskal ligarako igoera taldeka Urdaneta kiroldegia, Loiu
- Kadete Hierros Servando Eibar 30-30 Urdaneta Euskal ligarako igoera taldeka Ipurua
- Kadete Zarazpe Pulpo 38-18 Hierros Servando Eibar B Gipuzkoako kopa 1.j Lubaki kiroldegia, Zumaia
- Kadete Grupo Mecalbe Eibar B 24-26 Astigarraga Gys Sport Elgoibar 7.j Ipurua