Hierros Servando Eibar taldearen garaipen itzela larunbatean, maila bat gorago dagoen Amenabar Zarautzen aurka (36-26). Goitik behera nagusitu ziren eibartarrak, talde konpaktu bat bezela jokatuz, trinko, fin defentsan eta zorrotz erasoan. “Zarautzen aurkako neurketa bikaina. Azpimarratzekoa da lortu dugun emaitza, baita nola lortu dugun ere, intentsitate eta kontzentrazio maila altuekin”, zioen Fernandok. Zuloaga eta Garetxana moduko jokalarien bajak edukita ere, kriston maila erakutsi zuten pistaratu ziren armaginek. Jon Barruetabeña izan zen etxekoen goleatzailerik onena zortzirekin; Axier Gisasolak eta Lander Casadok, biak seirekin, ederki lagundu zuten Jon, erasoko festan parte hartuz. Ereintza Aguaplastek ere Trapagaran kaleratu zuen Errenterian, txapelketa honetan eibartarren hurrengoko arerioa bilakatuz. Norgehiagoka hori irabazten duenak Bidasoa talde boteretsua izango du aurkari Euskadiko koparen final handian.
Larunbateko lehiara itzuliz, Fernandoren mutilak ederki baliatu zuten forma egoera, aldea handituz hasieratik. “Zati bakoitzeko hasierak izan ziren gakoak, aldea handitzea lortu genuelako”. Hiruzpalau goleko errentarekin iraun zuten lehen zati gehiena, arerioa arazo larrian jarriz; azken bost minututan gainera, aldea handiagotu eta atsedenaldira lasaitasunez iritsi ziren armaginak. Ez zegoen partida erabakita, baina etxekoen errenta eta nagusitasuna kontuan hartuz, lehia maldan gora jarri zen Zarautztarrentzat. Hari beretik jarraitu zuen norgehiagokak bigarren 30 minututan. Fernandorenak nagusi, Amenabar Zarautzen kantxa osoko presioa libratuz. “Zarautztarrek zituzten aukerak aprobetxatzen saiatu ziren amaierararte, presioa areagotuz azken 10 minututan”. Hala eta guztiz pozik zen entrenatzailea erronka guztiak gainditzea lortu bai zituzten bere jokalariek. Gogoratu beharra dago, liga hil honen 23an itzuliko dela Hierros Servando Eibar taldearentzat.