Garaipen itzela emakumezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloiak lortu zuena Omega Peripherals Basauriren kantxan (19-22). Neurketa bikaina burutu zuten armaginek eta jaitsiera postuetatik at dira orain momentuan. Irabazi beharra dago azken jardunaldian Lagunaken kontra, hori bai, emaitza positibo honekin berdinketak ere balio die eibartarrei. Larunbatekoan zoragarri aritu ziren, aurretik markagailuan une oro, bigarren zatian aldea zabaltzea lortu zuten Andoniren neskek sei goleko errenta ere lortuaz. Azken minutuetan hurbiltzea lortu bazuten ere etxekoek, ondo eutsi zioten armaginek abantailari bi puntuak poltsikoratzeko. Gure Amaia San Martin izan zen partidako goleatzailerik onena 5ekin, etxeko Maider Marcosekin batera. Bi aste barru izango da Lagunaken aurkako neurketa erabakiorra Ipuruan, indarrak berreskuratu eta ondo prestatzeko aukera bitartean.
Gizonezkoek ezin izan zuten ezer egin denboraldiko talderik onenetariko baten kontra, Helvetia Anaitasunaren aurka Ipuruan galdu eta gero (23-30). Gehiago izan ziren nafarrak eta eibartarrak saiatu ziren arren, esku hutsik geratu behar. Aurretik 60 minutuetan zehar gupida gabe nagusitu ziren kanpotarrak. Ibai Etxarte eta Pedro Casas izan ziren norgehiagokako goleatzailerik onenak 7 eta 6rekin, hurrenez hurren.