Gizonezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloiak azken jardunaldia jokatzen zuen bitartean Trapagaranen aurka Ipuruan (23-26), emakumezkoek garaipen itzela lortu zuten Gipuzkoako kopan Construcciones Ugarte Aloña Mendiri irabazi eta gero (25-37).
Ligako saria ondo ospatu eta gero, kopako partiduetara bueltatzen dira Andoniren neskak eta lehen neurketa etxetik at tokatu eta ederki gailendu ziren armaginak alde nabarmenarekin, gainera. Ez zuten hutsik egin eibartarrek kopako lehen jardunaldian eta Ameztoi Zarautzekin batera lehen liderrak dira. Hauez gain, lehenago aipatutako talde oñatiarrak eta Leizaran Lanbroa tabernak osatzen dute lehiaketa honetako A multzoa. Joko talde bikaina egin zuten armaginek gol kantitate handia sartuz. 12 armaginek lortu zuten gutxienez gol bat sartzea, Irune de Castro eta Irati San Martin denen gainetik bakoitza 5 tantukin. Datorren jardunaldian Ameztoi Zarautz izango da Ipuruan.
Mutilek, bestalde, ezin izan zuten liga txapelketari behar bezala agur esan eta etxean porrota pairatu zuten Trapagaranen kontra. Ez zen lehia polita izan eta nabarmena zen ez zegoela ezer garrantzitsua jokoan. Atzetik joan ziren une oro eibartarrak markagailuan, ez zuten aukerarik eduki eta bizkaitarrek eraman zuten norgehiagoka. 11 armaginek gol bat egin zuten gutxienez, Axier Gisasolak gehien, 5 alegia. Neurketako goleatzailea kanpotarren Eder Delgado izan zen 7rekin. Bosgarren postuan bukatzen dute lehiaketa eibartarrek 37 punturekin eta goleatzaile nagusien artean Mikel Zuloaga eta Jon Barruetabeña ditugu, bigarren eta hirugarren hurrenez hurren.