Beste asteburu arrakastatsu bat goi mailako bi Arrate Eibar Eskubaloi taldeena. Biek lortu zuten neurketak irabaztea, nahiz eta bi eratan oso ezberdinak izan baziren ere, bi puntuak eskuratu zituzten, bai neskek (34-33), Eraiken Eharialdearen aurka, eta baita mutilek ere (39-25) Romo Brokel Kirolen kontra. Bi filialek, ordea, txanponaren bi aldeak bizi zuten. Emakumezkoek (21-27) Ordizia biok2.com taldearen aurka galtzen zuten bitartean, gizonezkoek Usurbil menderatu zuten (29-28), kostata bazen ere, garaipena poltsikora. Ez da asteburu eskasa izan, beraz, gure taldeentzat.
Neskekin hasita, helburutik geroz eta hurbilago daudela esan dezakegu. Lau puntu ateratzen dizkio hirugarrena den Bera Berari eta lau neurketa falta dira bigarren fase hau bukatzeko, hori bai, gertu badira ere, gogor borrokatzen jarraitu behar dute Andoniren jokalariek, larunbateko neurketan egin zuten moduan. Ez zen ondo hasi neurketa armaginentzat, Karmelek orkatila bihurrituta pista utzi beharrean izan zen, eta horrek kili kolo utzi zuen taldea, hotz. Esaterako, 15 minuturen faltan 5 gol azpitik ziren eibartarrak. Baina duten kasta agerian utzi zuten beste behin neskek eta markagailua iraultzea lortu zuten azzken minutuetan. Ane Treviñoren penaltizko golak bost segunduren faltan eman zion garaipena taldeari. Goraipatzekoa talde osoaren lana. Naia de Castro eta Amaia San Martin izan ziren taldeko goleatzailerik onenak 8 eta 7rekin batazbeste. Omega Peripherals Basauri liderrak bisitatuko du Ipurua datorren asteburuan.
Bestalde, mutilek arazo handirik gabe eskuratu zituzten beste bi puntu eta lidertzan sendo jarraitzen dute, bigarrena den Helvetia Anaitasuna 5 puntura delarik, eta hirugarrena den Il capo Hondarribia Bidasoa 10era. Gol festa itzela bizi genuen Ipuruan larunbatean, lehenengo 10 minutuetan eustea lortu bazuten ere, kanpotarrek ez zuten eduki inolako aukerarik. Atsedenaldirako aldea zazpi goletan zegoen eta ederki kudeatu zuten diferentzia bukaerararte. Norgehiagoka berehala erabakita geratu zen. Nabarmendu beharra dago beste behin eibartarren goleatzaileak, 12k sartu baitzuten gutxienez gol bat, atezaina eta guzti. Denen artean Mikel Zuloaga izan zen gehien sartu zituena, 8. Kanpotarren Iker Diez ere 8ren egile izan zen. Morala gainezka eusteko beste garaipen bikain bat. Gogoratu zortzi neurketa besterik ez direla geratzen liga txapelketa bukatzeko eta arerio gogorrak tokatzen zaizkiola gure taldeari, Trapagaran, Uharte, edota lehenago aipatu ditugun Anaitasuna eta Hondarribia, besteak beste. Bukaera maldatsua beraz armaginentzat. Datorren larunbatean Trapagaran bisitatuko dute eibartarrek.