Listo. Gizonezkoen Arrate Eibar Eskubaloiak igoera fasera sailkatzeko puntu bat ateratzearekin nahiko zuen, hala ere, garaipenarekin itzuli ziren Beti-Onak taldearen kantxatik (34-39). 5 jardunaldiren faltan lortu dute iazko puntu kopuru berbera, 48 alegia. Behin, lekua finkatuta ez daukan fasera sailkatuta, lehen postua eustea izango du helburutzat orain talde armaginak. 5 puntu ateratzen dizkio bigarrena den Helvetia Anaitasunari, baina eibartarrak ezin dira fidatu sekulako liga amaiera egiten ari baitira nafarrak eta datorren asteburuan lehiatuko dira elkarren aurka Ipuruan, gainera. Lidergoa lotzeko aukera aparta.
Larunbateko neurketara itzulita, pasa den astekoan bide bera jarraitu zuen lehiak, armaginak alde egin da markagailuan hasierako minututik. 10.erako 6 goitik ziren kanpotarrak, atsedenaldirako, berriz, 10 aurretik. Eramaten utzi ziren bigarren zatian gure jokalariak, kontrolpean zuten erronka eta erritmoa jaitsi zuten arren, nagusiki gailendu ziren eibartarrak. Garikoitz Viguera eta Asier Urain bilakatu ziren partiduko goleatzailerik nagusienak etxeko Alex Izuriagarekin batera, bakoitza 9 tanturekin.
Emakumezkoen Arrate Eibarrek ere aurrera pauso handia eman zuen Lema Transit Askartza arazo handirik gabe menderatu eta gero (30-15). Helburutik gertuago dira eibartarrak, dena den, borrokan jarraitu behar dute ez dago ezer egina eta. Bi jardunaldiren faltan bi puntu ateratzen dizkie Bera Berakoei eta ezin dira despistatu gure neskak. Hori bai, liderraren aurka jokatzea tokatzen zaio talde donostiarrari eta irabaztea lortzen ez badute, puntu bat ateratzearekin nahiko izango lukete armaginek. Datorren asteburuan Urdaibai Bilboats bisitatu beharko dute eibartarrek. Gure jokalarien baitan dago sailkapena, huts egiterik ez egin eskero, azken fasera.