Asteburu oparoa Mecalbe Eibar Eskubaloi bi talde gorenentzat, biek irabazi baitzuten beraien partidak. Gizonezkoek Ereintza Aguaplast Ipuruan menderatzen zuten bitartean (36-32), emakumezkoek izugarrizko garaipena lortu zuten Aiala Zarautz taldearen kantxan. Konfiantza berreskuratu, beheko postuetatik aldendu eta beraiengan berriz ere sinesteko balio duen garaipena. Bi puntu baino gehiago balio dituena, alegia. 11. Lekuan dira sailkapenean gure neskak lau puntu baturik eta motibazioaren motxila goraino beteta.
Talde lan zoragarri batekin lortu zuten garaitzea Andonire jokalariek. Horren adierazle garbia golen egileak izan ziren, guztira 12 armaginek lortu zuten gutxienez gol bat sartzea bi puntuak eibarrera ekartzeko. Gorabehera askoko lehia izan zen, hasiera ikusgarria egin zuten eibartarrek eta zazpi goleko errenta ere edukitzea lortu zuten lehendabiziko ordu laurdenean. Hala ere, berehala ikusi zen noren aurka jokatzen ari ziren eta atsedenaldirako hurbiltzea lortu zuten etxekoek. Gainera, bigarren zatiaren hasieran berdintzea ere lortu zuten zarauztarrek neurketa parekatuz. Baina, sarritan aipatzen dugun bezala ezin ditugu gutxietsi gure jokalariak eta duten grina eta adorea kanporatu zuten berriz ere aldea zabaltzeko markagailuan. Ez zuten amore eman nahi zarauztarrek eta diferentzia murriztu zuten beste behin. Hala eta guztiz, eibartarrek abantaila mantendu eta azkeneko segundurarte sufritu bazuten ere garaipen itzela etxerako. Loyola taldea jasoko dute Ipuruan datorren astean armaginek bolada onari jarraipena emateko asmoz.
Bi puntu oso garrantzitsu mutilek lortu zutenak ere Ereintza talde errenteriarra garaitu ondoren. 13 punturekin laugarren dira armaginak, hori bai liderrak trapagaranen galdu ondoren lehen postua puntu batetara bakarrik dago. Nagusi izan ziren Fernandoren mutilak 40 minutuetan zehar eta hasierako 8-1 partzialak argi utzi zuen nork eramango zuen aginte-makila lehiaren zehar. Asken hatsean kanpotarrek aldea murriztea lortu bazuten ere etxekoek zoragarri eutsi zioten markagailuari bi puntuak Ipuruan lagatzeko. Aipatu beharra dago berriro ere gure jokalarien gol jarioa beste astebetez, 35 golen langa pasa baitzuten, eta betiko legez, Mikel Zuloaga izan zen goleatzailerik onena 9rekin eta lehen postuan jarraitzen du pitxitxien taulan. Kanpotarren Iker Mugikak ere 9 egin zituen eta gure Garikoitz Viguerak beste zazpi. Lidertza galdu berri duen Casademont Zaragoza izango da hurrengo arerioa, azterketa zaila baina aurrera atera dezaketen proba gure mutilentzat.