Emakumezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloi taldeak urtea bukatu zuen bezala hasi du 2023a, hau da, garaipen batekin Gaurve Asesores Elgoibarri Ipuruan irabazi eta gero (20-17). Zortzigarren puntua batzen du horrela talde armaginak eta Lagunak taldea gainditu dute sailkapenean hamabigarren postura igoaz. Gizonezkoek, bestalde, ezin izan zuten berbera egin larunbatean eta Trapagaranen pistan galdu zuten (28-26). Horrela ba, bosgarren postura erori dira armaginak eta 19 punturekin jarraituko dute taulan.
Hasieratik nagusi izan ziren Andoniren neskak, arerio xamurra espero zen, oraindik punturik irabazi ez duena, hala ere, lehen zatiaren azken partean berdintzea lortu zuten zurigorriek atsedenaldira ezustea emanez berdinketarekin. Dena den, bigarren zatian erabaki zuten eibartarrek lehia, hasierako 10 minutuetako 4-0eko partzialak argi utzi zituen gauzak eta bi puntuak Ipuruan. Gure Maitane Velasco izan zen norgehiagokako goleatzailerik nagusiena 6rekin. Bigarren garaipena jarraian lortu, moralez bete eta datorren asterako prest Kukullaga Etxebarri taldeari bisita egiteko.
Gertu geratu ziren Fernandoren mutilak, gutxienez puntu bat etxera ekartzeko, hala eta guztiz, eduki zuten aukera ez zuten aprobetxatu, azken 10 minutuetan bi gol aurretik baitziren armaginak. 7-3ko azken partzialak Bizkaian utzi zituen bi puntuak eta orain bertan berdinduta dira bi taldeak sailkapenean 19 punturekin. Porrota jasan arren gure Garikotz Viguera eta Egoitz Blanco bilakatu ziren neurketako goleatzailerik onenak bakoitza 6rekin. Datorren asteburuan Palautordera Salicru talde katalanaren bisita jasoko dute eibartarrek Ipuruan, aho zapore garratz hau kendu nahian kantxaratuko dira.