Asteburu kaxkarra Mecalbe Eibar Eskubaloi talde gorenena, porrot banarekin bukatu baitzuten jardunaldia gure neska mutilek. Gizonezkoek ezin izan zuten ezustekoa eman Ipuruan Casademont Zaragozaren kontra (23-27) eta bosgarren postura erori dira berriz ere sailkapenean armaginak 31 punturekin; emakumezkoek, bestalde, Loizaga construcciones Castro-Urdialesen kantxan errukirik gabe galdu zuten (33-22) eta 13. Dira 9 punturekin, Lagunak baino bat gutxiagorekin. Azken jardunaldian topatuko dira bi talde hauek Ipuruan.
Ipuruako partidari begira, esan dezakegu lehen laurdenean parekatu xamar joan zela, hala ere, aldea zabaldu eta abantaila polita izatea lortu zuten bisitariek, amaierararte garaipena eramanez. Eibartarrek borrokatu zuten arren ez zuten aukerarik eduki momentu batean ere ez. Gainera, bigarren zati hasieran 8 goleko aldearekin egon ziren aragoiarrak, gerturatzen saiatu ziren gipuzkoarrak, baina bi puntuak etxerik at joan ziren. Hori bai, norgehiagokako goleatzailerik onena gure Mikel Zuloaga izan zen, lehen postuan tinko eutsiz. Datorren asteburuan irteera lasaia izango dute, Alcorta Forging Group Elgoibarri egingo diote eta bisita.
Neskek ere ez zuten aste-bukaera erraza eduki eta porrota jasan zuten Kantabriar lurretan. Bigarren zati txar batek kondenatu zuen gure taldea, lehen 30 minutu oso onak burutu eta gero. 18-6ko partzialak aukerarik gabe utzi zuen talde armagina, hala eta guztiz, argi geratu zen zein den jarraitu beharreko bidea eta hori jorratu beharra dago. Txapelketako goleatzailerik onena nagusitu zen ate aurrean, etxeko Mendia Ibañez, alegia 8 golekin. Ane Treviño izan zen gure jokalarien artean onena 4rekin. Datorren jardunaldian Lauko Ermuko Errotabarriren bisita jasoko dute Ipuruan