Gizonezkoen Meclabe Eibar Eskubaloiak denboraldiko 16. Garaipena eskuratu zuen Alcorta forging group Elgoibarren kantxan (21-26) eta bosgarren tokian jarraitzen dute 33 punturekin. Emakumezkoek, bestalde, beste porrot bat jasan zuten Lauko Ermuko Errotabarriren kontra Ipuruan (20-24). Azken aurrengo postuan jarraitzen dute gure neskak bi jardunaldiren faltan bukaerarako. Gogoratu azken partidan Lagunak taldea izango dela Ipuruan, eibartarrek baino puntu bat gehiagorekin da sailkapenean eta dena berdina badoa datorrenean, bien artean erabakiko dute jeitsierako postua.
Ondo eutsi zuten etsaia armaginek Ipuruako neurketan, atsedenaldira berdinduta iritsiz, hala ere, bigarrenean daukaten kalitatea agerian utzi zuten bizkaitarrek eta aukerarik gabe geratu ziren eibartarrak. Bigarren zatiko lehen 10 minutuetako 2-6ko partzialak garaipeneko bidea garbi utzi zuen bizkaitarrentzat. Kanpotarren Mirene Moreno izan zen lehiako goleatzailerik onena 6rekin, gure Nahia Benitez izan zen bigarren 5ekin. Datorren jardunaldian etxetik kanpo jokatuko duten azken partida, Omega Peripherals Basauriren kantxan, alegia.
Paregabe hasi ziren etxekoak elgoibarren pare bat goleko errenta berehala hartuz. Hala eta guztiz, eibartarrak suspertu eta markagailua irauli eta gero alde txikia lortuta arerioa menperatzen hasi ziren. Zurigorriek elektronikoan hurbiltzen saiatu ziren arren behin eta berriz, bikainki kudeatu zuten aldea armaginek beste bi puntu poltsikoratzeko. Jon Barruetabeña bilakatu zen lehiako goleatzailerik onena 8rekin. Datorren jardunaldian Helvetia Anaitasuna izango da Ipuruan.