Ez dute oina azeleragailutik altxatzen Arrate Eibar Eskubaloiko bi talde gorenek eta etxeko lanak eginda dituzten arren fase honetan, garaipenak poltsikoratzen jarraitzen dute eibartarrek. Neskek igoera fasea hasi baino lehenagoko azken neurketa jokatu eta irabazi zuten bitartean Eharialdea taldearen kantxan (23-26), mutilek beste garaipen bat eskuratu zuten Barakaldon partida zoragarri bat eta gero (28-39). Fase hau bukatutzat ematen du emakumezkoen taldeak, gizonezkoei, aldiz, hiru jardunaldi falta zaizkie liga txapelketa bukatu eta buru belarri igoera fasean sartzeko.
Neurketa borobilak izan ziren gure alde, denboraldi osoan zehar erakutsi dutenaren islada garbia. Hasiak dira azken fasea prestatzen eta bi taldeek jubenilei aukerak ematen ere. Neskak, adibidez, moralez gainezka dira eta erronka zaila izango den arren itxaropentsu dira. Bizkaian lortu zituzten azken bi puntuak eta prest dira azken trabak gainditzeko. “Nahiz eta igoera faserako sailkapena pasa den jardunaldian lortu, ligako azken partida garaipen batekin amaitzea lortu du taldeak”, zioten behin partida bukatuta. Lan ezin hobea, aupa neskak eta zorte on igoera fasean. Oztopoak gaindituz bidea eraiki.
Mutilek ez zuten gupidarik eduki eta erraz menderatu zuten Inmobiliaria ezker aldea Barakaldo bere kantxan. Maisutasunez gailendu ziren armaginak, inongo arazorik gabe, atsedenaldirako 11 goleko errentarekin heldu ziren. Bigarrenean, aldea ederki kudeatu eta beste bi puntu batu zituen talde eibartarrak. Mikel Zuloaga bilakatu zen neurketako goleatzailerik onena 14kin. Bukaerarako hiru partiduren faltan eta lidertza lotuta, irrikitan dira gure mutilak azken erronkari ekiteko. Iazko aho zapore garratza kendu eta lortu ez zutenaren bila joateko.