Era ezberdinetako emaitzak Mecalbe Eibar Eskubaloi talde gorenentzat. Gizonezkoek garaipena lortzen zuten bitartean Palautordera Salicruren kantxan(24-29), emakumezkoek ezin izan zuten liga hain ondo hasi, etxean galdu zuten Ideam La Jotaren kontra(20-31). Lehian sartzea asko kostatu zitzaien armaginei, eta hori bukaerako markagailuan nabaritu zen: “Ez dugu eskatzen zen maila eman”, nahigabetuta zen Andoni Perez entrenatzailea behin partida bukatuta. Hala ere, eibartarrek suspertzea lortu zuten bigarren zatian, baina ez zen nahiko izan. Bisitarien azken bultzadak aldea zabaldu zuen berriz ere bukaeraraino. Kanpotarren Esther Legarre izan zen lehiako goleatzailerik nagusiena 8rekin, Naia de Castro eibartarrena 4rekin. “Porrot latza, baina ikasteko balioko diguna eta jaikitzen lagunduko diona taldeari”, itxaropentsu agertu zen Andoni etorkizunera begira. Hurrengo jardunaldian ez dute bidai luzea egin beharrik, 10 minutukoa besterik ez, Gaurve Asesores Elgoibar bisitatuko baitute eibartarrek. Oztopoak gaindituz bidea eraiki!!
Mutilek, bestalde, balio handiko garaipena eskuratu zuten Bartzelonan. Palautordera talde berria zen mailan, hala eta guztiz, gauzak zail jarri zizkion gure taldeari. Lehia oso parekatua suertatu zen, lehen zatian batez ere, txapelketako aurreneko partida zela agerian geratuz. Dena dela, bi goleko errentarekin iritsi ziren gipuzkoarrak atsedenaldira, aldea ez zen zabala, baina nahikoa arerioa gertutik zaintzeko. Bigarrenean jaurtiketa portzentaiak hobetu eta diferentzia handitu zuten Fernandoren mutilek partiduko bi puntuak Eibarrera ekarriz. Mikel Zuloaga izan zen neurketan golik gehien egin zituena, 9 hain zuzen ere. Jon Barruetabeña bigarrena 6rekin. Nabarmentzekoa Koldo Estenaga jubenilaren debuta lehen taldean, bi golen egile, gainera. Datorren igande goizean Ipuruan egingo du debuta talde armaginak Lodisna San Antonioren aurka 2. jardunaldiari dagokion partidan.