Hierros Servando Eibar taldearen beste garaipen itzela larunbatean Tolosaren aurka 26-25. Azken segundoetan erabakitako lehia izan zen eta bi puntuak Ipuruan geratu ziren. Horrela, lehen postuan dira berriz eibartarrak. Hori bai, Anaitasunaren neurketa bertan behera geratu zen eta hori baliatu zuten armaginek lidertza berreskuratzeko. Garaipena bideratua ematen zuenean, tolosarrek berdintzea lortu eta azken unerarte puntuatzeko aukerekin ikusi zuten beraien burua. “Pasa den asteburuan esan nuena berrezten dut. Edozein talderi irabazi ahal diogula, baina baita galdu ere. Momentu txarrak ahalik eta motzen egiten ikasi behar dugu, bai pertsonalki eta baita talde moduan ere. Ez gaitzala horrek esparru guztietara kaltetu”, urduri zen Fernando entrenatzailea partida bukatu eta gero. Ez zen urteko partidarik onena izan, hala eta guztiz, emozioa amaierarte iraun zuen.
Ez zuten gaizki jokatu gureek, lehen minututik aldea handituz eta lasai arituz. Zazpi goleko errenta ere eduki zuten eibartarrek lehen zatian. Erasoan fin eta atepean gelditu bikainak eginez Ruben Fuentes. Hala eta guztiz, kanpokoek aldea murriztea lortu zuten atsedenaldirako. “Alde handia lortu genuen hogei minututan, baina azken unetako hutsegiteek bizia eman zioten arerioari bigarren zatirako”. Hobeagoak izan ziren tolosarrak bigarren atalean.
Intentsitatea gogortuz, mugaraino eraman zuten defentsa kanpokoek. Hori eta Haitz Gorostidi jokalariaren golekin, markagailua iraultzea lortu zuten, pixkanaka pixkanaka berdinketararte. Tolosarren aldetik goleatzaile onena izan zen Gorostidi 6rekin. Hori bai, buelta ematea lortua zutela ematen zuenean, eibartarrek beste pausotxo bat aurrera eman zuten aldea handituz. Baina tolosarrek ez zuten etsi nahi, horrela, minutu terdiren faltan, galduta ematen zuen norgehiagoka berdintzea lortu zuten. Fernandok hutsartea eskatu zuen azken erasoa ahalik eta hobekien prestatzeko, eta bai ondo irten ere. Kanpotarren defentsa ilegalak aukera eman zien armaginei zazpi metroetatik berdinketa hausteko. “Arrisku asko pasa genituen bigarren zatian eta azkenean berdintzen utzi genien, amaierara emaitza oso estuarekin iritsiz. Eskerrak fin aritu ginen bi puntuak poltsikoratzeko”. Ondo aprobetxatu zuen aukera hori partidako goleatzailerik onenak, Iker Eizagirrek neurketa borobila burutu zuen, garaipenaren gola sartuz, 8ren egile izan zen. “Bikain aritu zen Iker Eizagirre zazpi metroko jaurtiketetan”
Lehen esan bezala, Hierros Servando Eibar taldeak lidertza berreskuratu zuen larunbateko garaipena eta gero. 29 puntu batu dituzte eibartarrek jada, aurtengo maila altua mantenduz. Batez beste 29 gol neurketako daramate, 500 golen langa gainditu dute jada gure jokalariek, momentu ona islatuz. Hirugarren postuan den Urban Cabero Barakaldori egin beharko dio bisita talde armaginak datorren larunbatean. Gure bi talde seniorrek ere garaipen bikaina lortu zuten:
- Senior Juanjo Larrañaga Harategia Pulpo 24-27 Grupo Mecalbe Eibar
- Senior Hierros Servando Eibar B 30-20 Labarra Taberna Pulpo
- Jubenil Grupo Mecalbe Eibar 32-18 Ordizia P. Cerqueira
- Jubenil Hierros Servando Eibar 35-18 Hierros Servando Eibar B