Uzta eskasa Mecalbe Eibar Eskubaloi talde gorenentzat asteburuan. Puntu bakarra eskuratu zuten bien artean, hori bai, maila altuko aurkarien kontra eta bukaerararte aukerekin. Emakumezkoek ezin izan zuten Kukullaga Etxebarri gainditu Ipuruan(29-33), gizonezkoek, aldiz, Ilcapo Hondarribia Bidasoaren kantxan berdindu zuten (34-34), hala ere, bi puntuak poltsikoratzeko zorian egon ziren, etxekoen azken gola denbora amaitzen zenean sartu zen atera, baina dena dela, epaileak tantua apuntatu eta puntua harramazkatzea lortu zuten.
Gizonezkoen partidatik hasita esan dezakegu joan-etorriko neurketa izan zela eta bi taldeek izan zituztela irabazteko aukerak, hori bai, armaginak izan ziren puntuetatik gertuen ibili zirenak, azkenean, puntu banaketa. Lehen zatia nahiko parekatua suertatu zen, hasierako minutuetan etxekoak gailendu ziren eta aurretik jartzea lortu zuten, hala ere, markagailua irauli eta aurretik jarri ziren Fernandoren mutilak atsedenaldia heldu baino lehen. Aldageletatik bueltan aldea zabaltzea lortu zuten eibartarrek, baina ezin izan zuten diferentzia mantendu. Bidasoak hori aprobetxatu eta berdinketaraino iritsi zen azken aukera aprobetxatuz. Puntu banaketa azkenean, Bidasoaren filialak 3 ditu orain, armaginek 5. Mikel Zuloaga eta Jon Barruetabeña nabarmendu behar dira beste behin, hala ere, Garikoitz Viguera gehitu behar zaie oraingoan, beste 8 golen egile, alegia. 34tik 24 golek beraien hiruren izen abizenak dituzte. Horri esker, Mikel C multzoko goleatzaileen artean lehena da sailkapenean, 25 egin baititu orain arte. Datorren asteburuan Beti Onak nafarrak bisitatuko du Ipurua.
Emakumezkoek, aldiz, ezin izan zuten punturik atera Kukullagaren kontra, arerio gogorra, hala eta guztiz, eibartarrek ez zuten amore eman bukaeraraino borrokatuz. Ezin izan zen arrakasta lortu, baina argi geratu zen armaginek gerra emango dutela zilarrezko mailan. Atzetik markagailuan une oro, gol bakarrera hurreratu ziren Andoniren neskak, arrakasta gertu edukiz, hala eta guztiz, punturik gabe geratu behar izan ziren. Sailkapenean berdinduta agertzen dira orain bi talde hauek 2 punturekin. Ane Treviño eta Irune de Castro bilakatu ziren eibartarren goleatzailerik onenak 7 eta 6rekin, hurrenez hurren, eta horrek erakusten du eraginkorragoak direla erasoan armaginak aurreko bi partidatan ikusi zena baino. Datorren aste-bukaeran Helvetia Anaitasunaren pista bisitatu beharko dute eibartarrek.