Garaipen bikaina gizonezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloi taldearena Egia teila fabrikaren kantxan lortutakoa (30-37). Aurpegia eman zuten donostiarrek lehendabiziko 20 minutuetan, hala ere, ederto aritu ziren eibartarrak bi puntuak eskuratu eta etxera ekartzeko. Armaginen bosgarren garaipena liga txapelketan, goiko postuetan finkatzeko balio dutenak, hirugarren postuan, hain zuzen ere 11 puntu batuta. Orain arte garaipenak bakarrik ezagutzen dituen Casademont Zaragoza liderra hiru puntutara dagoelarik. Partiduko lehen herenean ematen zuen lehia parekatua biziko zela Donostin, hala eta guztiz, aldea zabaltzen hasi ziren Fernandoren mutilak eta bigarren zatian abantaila hori kudeatzea bestetik ez zuten egin behar, eta ederki egin ere.
Nabarmentzekoa ate aurrean erakusten ari diren erraztasuna eibartarrek, erraz gainditu zuten 30 golen langa. Gehien egin dituztenen artean bigarrena da, lider aragoiarraren atzetik. Eta denen artean nagusi Mikel Zuloaga beste behin, 10 golen egile eta pitxitxien taulan lehen postuan jarraitzen du. Oraingo honetan ederki lagundu zion erasoan Jon Barruetabeñak beste 10ekin eta taldearen erdia baino gehiago egin zituzten bien artean. Dena den, aipatu beharra dago ez zirela izan lehiako goleatzailerik nagusienak, etxeko Julen Echavarri izan baitzen 11rekin. Hala ere, ez ziren nahikoak izan gureak menperatzeko eta bi puntuekin etxera itzultzea lortu zuten. Datorren larunbatean Ipuruara itzuliko dira eibartarrak Ereintza Aguaplast taldearen aurka aritzeko.