Somos Eibarren porrot mingarria larunbatean gol bakar baten aldeaz. Gehio merezi izan zuten eibartarrek baina azkeneko minutuetan eginiko hutsek taldea kondenatu zuten. Norgehiagokaren hiru laurdenetan jaun eta jabe izan ziren armaginak baina Tolosa talde trinko bat bezala mantendu zen, hobeago jolasten minutuak joan ahala. Orain bertan, sailkapena oso estu jarri da kanpotarren garaipenarekin. Sei talde dira guztira bi punturen bitartean daudenak; eibartarrak hamabigarren dira 17 punturekin; Zaragozako Dominicos zazpigarren da 19rekin. Horretaz gain, Egia taldeak jardunaldi honetan irabazi eta 13 punturekin jarri da.
Hasiera nahiko alderraia gertatu zen. Ez zuten asmatzen ez batak ez besteak, baina etxekoak izan ziren lehenak abentaila lortzen eta markagailuan aldea handitzen. Lehen zati on bati esker atsedenaldira hiru gol aurretik iritsi ziren armaginak, baina oraindik denbora asko geratzen zen.
Hala ere, bigarren zati parekatu bat eta gero, tolosarrak berdintzea eta baita aurretik jartzea lortuz batera, ez zioten aurkariari berriz aurreratzen utzi. Hamabost minutu baino gutxiago falta zirenean aurreratu ziren bukaeraraino. Oso zaila egiten zaigu jokalari bakar batekin geratzea, hori dela eta Tolosa talde osoa goraipatzekotan gaude. Sailkapenean erakusten duten baino sendoago azaldu ziren Ipuruan. Fernandoren mutilen artean Axier Gisasolaren lana izan zen aipagarriena, guztira bederatzi gol egin zituen, neurketan gehien, baina azkenean ezin izan zuen taldearen porrota saihestu. Hurrengo neurketan pentsatzen dira jada eibartarrak, larunbatean Urdulizen jokatuko duten Urduliz taldearen aurka, beraien ligako beste talde bat, hamairugarren bait dira armaginak baino bi puntu gutxiagorekin.
Garaipenez betetako asteburu izugarria Eibar Eskubaloiko infantilena: Urkotronikek, Galdona Pulpo garaitzea lortu zuen arazo larririk gabe (30-18); Mecalbek ere ez zuen eduki zailtasunik Udarregi A Usurbil menderatzeko (27-12); Ametsa taldeak berriz denboraldiko neurketarik onenetarikoa jokatu zuen Egia 1 gailenduz Donostin (12-19); mutiletan ere arrakasta, bai Hierros Servando eta baita Bengoa Elektrizitateak ere garaipen handi bi lortu zituzten etxetik at, Amenabar B (21-23) eta Hernani Leoka (26-30) taldeen kontra hurrenez hurren. Eibar Eskubaloiko bigarren taldeak ere bi puntu borrokatu ekartzea lortu zituzten Urola Laztimendi menderatu eta gero, konfiantza berreskuratuz. Grupo Mecalbe seniorrak aldiz, norgehiagoka eskasa jolastu eta ezin izan zuen ezer egin Egia Petritegiren aurka (29-17).
Jardunaldi ona ere gure jubenilentzat udaberriko txapelketetan: Mecalbek etxean, Laubide Iturgintza Izaro (32-28) menderetzan zuen bitartean, Teknikerrek ez zuen Egia 3 taldearen gupidarik eduki eta bi puntuak eskuratu zituen (22-37). Kadeteetan, Mecalbek Lacturale Bera Bera garaitu zuen etxetik kanpo (19-24); Muelles Zalduakeko neskek aldiz ezin izan zuten ezer egin Saieko-La Salleren kontra (21-16); eta Komatek ez zion Bera Bera Laranjari aukerarik eman bi puntuak bereganatuz (36-26). Azkenik, El Tio Palancaseko neskek eskubaloiaz gozatzeko aukera eduki zuten eta emaitzak ez ba zuen lagundu ere, izugarri pasatu ziren kirola egiten.
You must be logged in to post a comment.