2011. urtean, J.D. Arrate kluba desagertu ostean, Eibar Eskubaloiko proiektu berriarekin batera hasi zen eskubaloian, alebin mailan. 12 urte geroago, kategoria ezberdinetatik pasata, emakumezkoen Zilarrezko Mailako taldeko kapitaina da, baita 6. mailako alebin nesken entrenatzaile. Malenekin hitz egiteko aukera izan dugu eta Zilarrezko Mailako nesken taldearen berri izateko ere:
Zelan ikusten duzu aurten taldea?
Zilarrezko Mailara igoera lortu ondorengo lehen denboraldian, Andonik, entrenatzaileak, zein taldekideok burututako lanari esker aurten taldea sendoago edota osoago dagoela deritzot, izan ere, gure jokoaren oinarria jada ezarrita dugunez, aurtego denboraldian dinamika berean jarraitu dugu, beharrezkoak diren doiketak eta aldaketak eginda hobetze aldera.
Haundia izan al zen, bi urtetako tartean, territorial mailan jolastetik eta zilarrezko mailan jolasterako aldaketa?
Bai, izugarrizko aldaketa izan zen denontzat. Lehenik Territorial mailan, eta gero Euskal Ligan, denboraldi txukun bat egin ostean, arin ohartu ginen guretzako guztiz berria zen zilarrezko maila gogorragoa izango zela: joko ezberdina, talde indartsuagoak, esperientziazko jokalariak, fitxaketak… Gure taldea herriko neska gazteez osatua dago eta inork ez du inoiz horrelako mailatan lehiatu. Hainbat partidutan esperientzia falta erabakigarria izan bazen ere, mailari eustea lortu genuen emozioz betetako ligako azken partidu horretan.
Nola sentitzen zara bigarren denboraldi honetan zilarrezko mailan? Eta nola sentitzen da taldea?
Taldea inoiz baino indartsuago dago erasoan zein defentsan eta geroz eta argiago dugu zein den gure jokoa; eroso gaude horretan. Aurrekoarekin lotuta, aurten jada liga nolabait ezaguna dugula esan daiteke, hortaz, aurretik espero dezakegu zerekin egingo dugun topo. Bestalde, emakumezkoen bigarren taldeko eta jubenilen taldeko zenbait gehiketa izan ditugu eta ezin hobe moldatu dira taldera, beti izan dugun, eta azpimarratzekoa den, giro ona mantenduz.
Azken partiden emaitzak gorabeheratsuak izan diren arren, badaukazue oraindik zer borrokatu…
Bai, noski. Zilarreko mailako lehen denboraldiko oinarrizko helburua mailari eustea bazen ere, aurten ez gara horrekin konformatzen eta haratagoko xedeak finkatu ditugu. Postu altuago bat lortzeko helburua markatu dugu eta hori lortzeko gaitasuna dugula deritzot.
Denboraldia hanka onarekin hasi bagenuen ere, bi partida irabazita eta berdinketa bat lortuta, egia da azken partidatako emaitzak gorabeheratsuak izan direla. Gaur egun, 5 punturekin sailkapen-taularen behekaldean gaude, oraindik ere azken postutik urrun, baina sailkapenean lehiakortasun handia dago eta aurretik borrokatu ditzakegun hainbat partida ditugu.
Zeintzuk uste duzu direla taldearen erronka handienak?
Taldean ez dugu jokorako guztiz erabakigarria den edo partidak konpontzeko kapaz den jokalari bat eta honek taldekide guztien ehuneko ehuna eskatzen du. Hori dela eta, entrenamenduak gogor lan egiteko aprobetxatu behar ditugu eta partidako 60 minutuak intentsitate handikoak izan behar dira, gure taldea hain ondo irudikatzen duen portaera borrokalaria erakutsita.
Zelan definituko zenuke zure ibilbidea eskubaloian? Hasi zinetetik eta gaur arte.
Alebinetatik orain arteko entrenatzaile zein taldekideekin izan dudan zorteaz kontziente naiz, taldean hain gustora egon izanak eskubaloiarekin jarraitzera eraman nauelako. Ibilbidean konfiantza, segurtasuna eta lehiakortasuna irabazi dudala esango nuke.
Bestalde, emakumezkoen eskubaloiak indarra eta garrantzia irabazi duela argi dago. Gazteagoa nintzeneko urteetan edo jada senior kategoriara pasata ez nuen imaginatu ere egiten maila honetan lehiatzera helduko ginenik, eta izugarrizko lorpena izan da denontzat.
Eta azken galdera… Eibar Eskubaloiko gazteenei zer esango zenieke aukera izanez gero?
Gazteenei gogor lan egitea eta helburuei eustea gomendatuko nieke, entrenatzaile eta taldekideez ikasteko eta eskubaloiaz gozatzeko esango nieke, baita kirolak emandakoaz disfrutatzeko ere.