
Gizonezkoek berdinketa justua baina sufritua lortu zuen Uharteren aurka, denetarik izan zuen partidan: gorabeherak, emozioa eta urduritasunez beteriko amaiera. Hasiera zaila izan zen eibartarrentzat, Uhartek berehala hartu baitzuen sei goleko aldea 15. minutuan. Hala ere, talde armaginak erreakzionatzen jakin zuen, defentsa doituz eta aurkariaren akatsak aprobetxatuz. Atsedenaldian, markagailuak gol bakarreko aldea islatzen zuen.
Bigarren zatiak Eibar Eskubaloiaren beste aurpegi bat erakutsi zuen. Taldearen ahalegin handiarekin, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten, baina une garrantzitsuenetan asmatu ez izanak eta azken minutuetan defentsan izandako desorekek partida ixtea eragotzi zuten. Azkenik, nahiz eta zapore gazi-gozoa izan, berdinketa positiboa da iaz Uharteren aurka punturik lortu ez zutela gogoratuz gero. Gainera, Barakaldoren porrotarekin, armaginak sailkapeneko laugarren postura igo dira, goiko postuetarako borrokan mantenduz.
Bestalde, emakumezkoen taldeak ahazteko moduko partida bat bizi izan zuen Basaurin. Hasieratik, partida okertu egin zen, Garaziren lesioarekin, eibartarren aukerak lehen minututik mugatu baitzituen. Basaurik egoera aprobetxatu zuen, eta kontraerasoetan erritmo bizia ezarri zuen, bisitariak erantzunik gabe utziz. 15. minuturako markagailuak 11-4 adierazten zuen.
Erasoan, ez zuten konponbiderik aurkitu, eta defentsak, normalean sendo, gol gehiegi eman zituen. Azken emaitza porrot gogorra izan zen, ezer ondo atera ez zen egun batean. Gabonetako etenaldiaren aurreko azken hiru partidak prestatu behar dira, sentsazioak berreskuratzeko eta garaipenaren bidera itzultzeko.