Somos Eibar taldeko Axier Gisasola jokalariarekin solasteko aukera izan dugu; nola ikusten duen taldea ratxa ona eta gero, bere burua eta beste taldekideekin, uztaileko azken asterako antolatu berri duten kanpusaren berri eman digu. Gainera, urte amaieran eman zioten sariaren egunean sentitu zuena ere kontatu digu Axierrek.
Lehenengo eta behin, uztailean izango den kanpusari arreta jarriko diogu. Zertan datza?
Eibar Eskubaloia klubak aurrera atera nahi duen ekintza berri bat da; batez ere, herriko eta klubeko jokalari gazteenei uda garaian, eskubaloiaz gozatzeko aukera emateko ideiarekin sortu dugu.
Noiz ospatuko da zehazki eta non? Norentzat dago zuzendua eta zer egin behar da izena emateko?
Dena ondo joan ezkero, uztailak 23tik 30era ospatuko da Santoñan(Kantabria) dagoen aterpetxe batean. 2006 eta 2009 urteen artean, biak barne, jaiotako edonorentzat dago antolatuta. Kanpusa, eskubaloiarekin lotuta egon arren, adin tarte horretan dagoen edozein apuntatu daiteke. Izena emateko, formulario bat bete behar da eta hau lortzeko, Eibar Eskubaloiko web orrian, Facebooken edota klubeko edozein entrenatzaileei eskatuz eskuratu daiteke.
Kanpusari buruz dena ondo azaldu ondoren, joan gaitezen Somos Eibar taldera. Nola doa denboraldia?
Aurrekoan bezala, etxeko partidetan emaitza onak lortzen dihardugu baina kanpora goazen partidetan, askoz gehiago kostatzen zaigu gure jokoa topatzea eta emaitza kaxkarragoak lortzen ditugu. Hala ere, egiten ari garen denboraldiarekin pozik gaudela esan daiteke.
Nahiko erregular hasi zineten baina badirudi, azkeneko partidetan iparra aurkitu duzuela eta helburua hurbilago ikusten duzuela, ez?
Bai, hori da. Azkenengo 6 partiduetan 4 garaipen eskuratu ditugu eta taldeak itxura ona eman du. Beraz, azkenengo partidetan puntu asko eskuratu ditugu, baina hala ere, azpitik dauzkagun taldeek ere, emaitza onak eskuratu dituzte. Hori dela eta, sailkapena oraindik oso estu dago eta helburua lortzeko gertuago gaude, baina oraindik borrokatu beharra dago geratzen diren partiduetan.
Eta pertsonalki, nola ikusten duzu eta ikusi duzu zure burua orain arte? Gustora al zaude zure denboraldiarekin?
Nire burua gaizki ikusten dudala ez dut esango, hala ere, beti dago zer hobetu. Baina bai, egia esanda gustura nago egiten ari naizen denboraldiarekin. Ahal dudan guztia egin eta dena ematen dut pistan, nire taldekide guztiak bezala emaitza onak lortu nahi ditugu eta.
Taldearenarekin?
Bai, denboraldi hasieran, maila mantentzea zen gure helburua eta momentuz behintzat lortzen ari gara. Baina emaitzez gain, taldean daukagun giroa sekulakoa da eta hori ere eskertzekoa da. Askotan egiten ditugun afariak eta denon artean daukagun harremana oso ona da.
Gabonetan, …etakitto! saria jaso zenuen, zer moduko esperientzia?
Egia esan ez nuen espero saria jasoko nuenik; sari banaketa baino lehen abisatu zidaten Abenduak 31an Eibarren egoteko. Egunean bertan, egia da, pixkat urduri nengoela baina, hala ere, goiz polita izan zen, Eibarko kirolari asko elkartu bait ginen Koliseoan. Hori horrela, eskertzekoa da …etaKittori, egiten duten lanagaitik eta baita saria eman zidatenei, nigan pentsatzeagatik.
Etorkizunera begira, zer espero duzu taldeaz?
Urteak daramatzagu gehienok batera jolasten eta urtero helburu berdinarekin; espero dut, datorren urteei begira taldearen helburua goiko postuetan egotearen alde borrokatzea eta eskubaloiaz gozatzen jarraitzea.
Eta zure buruaz?
Oraindik urte batzuk eskubaloian jolasten jarraitzea espero dut; baina hala ere, hori lanaren arabera izango da. Baina momentuz, biak bateratzea espero ditut.
You must be logged in to post a comment.