Arrate Eibar Eskubaloiko kadete neskek ezin izan zuten zaleei garaipen bat eskaini Ipuruan jokatu zen Euskadi Cupen, hori bai, asteburu polita eta eskubaloiaz gozatzeko aukera izan zuten, beraien familia eta lagunen aurrean batez ere, eta ederki pasa ere. Maila handiko taldeen aurka aritu behar izan ziren eibartarrak, hala ere, aurpegia eman zuten une oro eta denboraldia nahi zuten bezala bukatu ez arren, kontent dira gure jokalariak. Ostiralean hasi ziren lehiatzen armaginak Urdaibai Katillotxuren kontra eta argi geratu zen lehen minututik maila altua zegoela (39-24). Larunbatean jokatu zen bigarren jardunaldia eta San Adrian A izan zen eibartarren borrero (26-16). Hirugarren eta azken partidan gehiago lehiatu arren, ezin izan zuten punturik atera Usurbil taldearen aurka (16-23). Hala eta guztiz, la bikaina neskak!
Emakumezkoen jubenilak, aldiz, jokatutako bi neurketetan gailendu ziren Hernanin lehiatu zen Euskadi Cupen, eta sari nagusia lehenagotik lortuta batzuten ere, hau da, datorren denboraldiko euskal ligarako sailkatzea, bi arerioak menderatu zituzten asteburuan. Etxeko Hernani lehendabizi (32-15) eta San Adrian ondoren (25-28), ez ziren gai izan eibartarrei aurre egiteko eta beste behin erakutsi zuten talderik onenetarikoa dela. Zorionak neskak.
Batzutan irabazi, bestetan galdu, Arrate Eibar Eskubaloiak hazten jarraitzen du eta asteburu honetan lortutako saria da horren adierazle garbia. Espainiako Eskubaloi Federazioak sari berezia eskaini zion gure taldeari, azken urte hauetan kirol honi emandako guztiagatik. Lana, esfortzua, sentimendua eta denon lanaren saria. Zorionak denoi.