Urrezko garaipena ospatu eta gero borrokatzen jarraitu behar da eta emakumezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloi lehen taldeak 8. Jardunaldiari ekingo dio Ipuruan larunbatean arratsaldeko 18:30etan. Arerioa Loyola nafarra izango da, sailkapenean postu bat beherago aurkitzen den taldea, alegia. Puntu bat gutxiagorekin dira bisitariak eta lau porrot jarraian daramatzate, beraz, aprobetxatu beharrezko faktoreak. Gainera, bolada onari jarraipena ematera kantxaratuko dira eibartarrak, joan zen astekoari segida eman behar zaio. Hala ere, ezin dira fidatu armaginak, kontrarioak dituen hiru puntuetatik bat etxetik kanpo lortu ditu eta. Horretaz gain, erasoan ligako jokalaririk eraginkorrenetariko bat izango dute aurrean larunbatean, Haizea Amatria, hain zuzen. Neurketako bataz beste 6 gol baino gehiago daramatza, beraz, erne. Dena den, partiduko gol gutxien egiten duen taldea da Loyola eta defentsa ona egin ezkero garaipena etxean gera daiteke. Baina horretarako, gogor borrokatu beharra dago eta zaletuen laguntza Ipuruan ezin bestekoa izango da.
.Gizonezkoen lehen taldeak, aldiz 9. Jardunaldia Jokatuko du Casademont Zaragoza indartsuaren kantxan. Igandean goizeko 12etan hasiko da lehia Siglo XXI Pista A pabilioian. Pasa den asteburuan jaso zuten ligako porrot bakarra aragoiarrek eta bigarren dira sailkapenean lehen sailkatua den Helvetia Anaitasunak aina puntu, 14, hori bai, bakarrera daukate eibartarrek aste-bukaerako arerioa. Golik gehien sartu dituzten bi etsai aurrez-aurre, nor baino nor hobeagoak. Goleatzaile nagusien artean jokalaririk ez badute ere zaragozarrek kontuan hartzekoak izango dira Zakaria Rabhi, Dani Sanjuan , Noe Fron edo Felipe Borges kirolariak. Joan etorri eta golo askoko lehia espero da igandean. Olatu aparretan jarraitzeko asmoa dute eibartarrek.