Eibar Eskubaloi taldeen arrakastak ez du etenik. Hierros Servando Eibar lehenengo taldearen igoera faserako sailkapena eta txapelketa poltsikoratzeaz gain, Grupo Mecalbe Eibar kadeteen Espainiako koparako txartela lortu du, Hierros Servando Eibar bigarren taldearen Bigarren Nazional mailarako igoera eta hainbat eta hainbat neurketa zoragarri eta momentu Itzel eskaini digute gure neska-mutilek. Asteburu honetan Hierros Servando kadete eta jubenilen, eta Grupo Mecalbe lehen taldearen txanda da. Azken hauek, hain zuzen ere, helburua inoiz baino hurbilago dute eta Lehen Nazional Euskal Ligarako igoera harramazkatzen hasiak dira jada. Hala ere, lan erdiak besterik ez daude eginda eta saria eskuratu nahi badute azken erronka bat gainditu beharko dute. Ereintza Beissier taldearen kantxan irabazi edo berdindu beharrean daude, eta puntuatu ezean 3 goleko errentagatik galdu dezakete gehienez. Norgehiagoka Errenteria hiriko udal kiroldegian jokatuko da larunbatean, arratsaldeko 18:30etan.
Ane Zubia, Grupo Mecalbe lehen taldeko atezainak, gainera, bere eskubaloi ibilbideko azken neurketa izango du larunbatekoa eta emozio nahasketa bat sentitzekotan da Eibar Eskubaloiari hainbeste eman dion pertsonak: “Nire bizitzako etapa hau garaipen honekin amaitu nahiko nuke. Talde sendoa dugu, elkarri ekarpen handiak egiten dizkiogula uste dut, bai eskubaloiari dagokionean eta baita maila pertsonalean ere, eta hori jada harro egoteko arrazoia da, beraz, oraingoan, harro egoteko beste arrazoi baten bila goaz”. Jokatu dituzten 8 partidak irabazi egin ditu taldeak. Batez beste ia 27 gol alde eta 18 baino gutxiago aurkarekin. Arerioen gainetik pasa dira gure neskak, urtea borobiltzea dute helburu aste-bukaera honetan, hala eta guztiz, ezin dira fidatu, baina Anek esaten duen bezala, duten guztia emango dute. “Taldea indartsu dago, zalantza barik. Ezin gara gehiegizko konfiantzaz joan kantxara, badakigu partidu zaila izango dela. Baina gogor eutsiko diogu”.
Hierros Servando Eibar kadete eta jubenilek Urdaneta taldeen aurka jokatzen dituzten kanporaketak ere hizpide izan behar ditugu. Igoera fase honek badu berezitasun bat, kluben arteko kanporaketak direla, hau da, gainditzekotan, bai kadeteak eta baita jubenilak igoko dira. Ez da taldeen arteko lehia, klubena baizik. Kasu honetan, kadete mailak balio gehiago du, hala ere, dena ala gehienak irabaztea izango da hoberena. Larunbatean jokatuko dira joaneko bi partidak Loiun eta itzulerakoak Ipuruan igandean.
Gaur zortzi ere hitzordu garrantzitsuak daukate gure taldeek. Nagusiek, Zilarrezko Ohorezko mailarako igoera fasea Lanzaroten jokatuko duten bitartean, Grupo Mecalbe kadetekoak Terrasan jokatuko den Espainiako txapelketan arituko dira, etxeko Terrasa Llegums Paquita, Valentziako Morvedre eta Burlata herriko Malkaitz taldeak aurkari izango dituzte neskek. Zortzi multzo daude guztira eta lehen sailkatutakoak bakarrik lortuko dute azken faserako sailkapena. Baina hori datorren astean izango da…
Senior Ereintza Beissier-Grupo Mecalbe Eibar 3.j LAR 18:30 Errenteriako udal kiroldegia
Senior Ormaiztegi-Hierros Servando Eibar B 3.j LAR 17:30 Zubipe kiroldegia, Ormaiztegi
Jubenil Urdaneta-Hierros Servando Eibar Euskal ligarako igoera taldeka LAR 12:00 Urdaneta kiroldegia, Loiu
Jubenil Hierros Servando Eibar-Urdaneta Euskal ligarako igoera taldeka IGA 11:45 Ipurua
Kadete Urdaneta-Hierros Servando Eibar Euskal ligarako igoera taldeka LAR 10:00 Urdaneta kiroldegia, Loiu
Kadete Hierros Servando Eibar-Urdaneta Euskal ligarako igoera taldeka IGA 10:00 Ipurua
Kadete Zarazpe Pulpo-Hierros Servando Eibar B Gipuzkoako kopa 1.j LAR 12:00 Lubaki kiroldegia, Zumaia
Kadete Grupo Mecalbe Eibar B-Astigarraga Gys Sport Elgoibar 7.j LAR 11:00 Ipurua