Arrate Eibar Eskubaloiko taldeek beste hitzordu garrantzitsu batzuk dituzte asteburu honetan, helburua lortzeko lantzen ari diren bidean. Emakumezkoen lehen taldeak, adibidez, etxetik kanpoko jokatuko du lehendabiziz aurtengo denboraldian. Kukullaga-Etxebarri izango da arerioa eta norgehiagoka larunbatean ospatuko da arratsaldeko 16:00etan Etxebarriko udal kiroldegian. Porrota jasan zuten lehen jardunaldian bizkaitarrek eta egoera hori aprotxatzen saiatuko dira gure neskak. “Partidu zaila espero dugu, etxetik kanpo jokatzen ditugun guztiak bezala”, hala ere, Andoni Perez, armaginen entrenatzailea konfiantzaz beteta da: “Taldea oso ondo dago, lehengo neurketa ezinhobeto atera zen eta gogo askokin daude jokalariak bi puntuak etxera ekartzeko”. Nagore Ruiz ezingo da taldearekin egon larunbatean orkatileko mina dela eta.
Ipuruan aldiz, gizonezkoen lehen taldea arituko da liga txapelketako hirugarren jardunaldian Sugraf Zaragozaren kontra. Lehia larunbatean jokatuko da 18:30etan. Aurreneko lau puntuak biltzea lortu dituzte bi taldeek, beraz, liderren arteko neurketa espero da. “Jokalariak berreskuratzen gaude eta oso ondo hasi duen talde baten kontra aritzeko prest gaudela uste dut. Iaz pilo bat kostatu zitzaigun bi lehiak aurrera ateratzea”, dio Fernando entrenatzaileak. Argi daukate eibartarrek zein den kontrarioaren gakoetariko bat. “Erritmo altuan jokatzen duen taldea da eta ideiak garbi dituena, bai aurrean eta baita atzean ere”. Hori bai, gol bakar batengatik soilik garaitu zuten aragoiarrak Egia eta Tolosa, hurrenez hurren. Orain arte, Daniel Villena eta Jorge Ortega dira ate aurrean finen aritu direnak, bakoitza 9 golekin.
Pasa den denboraldian Ipuruako norgehiagokan garaitzea lortu zuten eibartarrek, itzulerakoan, aldiz, berdinketan bukatu zen Zaragozako lehia. Hala eta guztiz, aurtengoa desberdina izango delakoan da Fernando: “Dominicosen jokalari batzuk fitxatu dituzte aurten talde honen desagerpena eta gero, beraz, esan dezakegu jokalari multzo bikaina sortzea lortu dutela Zaragoza eta inguruko kirolari onenetarikoekin”.
Gure beste talde seniorrek ere hitzordu interesgarriak dituzte hurrengo aste-bukaeran. Emakumezkoen bigarren taldeak larunbatean 16:30etan Ipuruan Txingudi Zubiederren bisita jasoko duen bitartean, gizonezkoek bi neurketa jokatu beharko dituzte. Lehena, etxetik kanpo ligako bigarren jardunaldiari dagokion partida eta arerioa Gure Auzune izango da. Hitzordua larunbatean 19:00etan Gasteizko Divino Maestro kiroldegian. Bigarrena, asteartean Open Cup txapelketako final erdiak jokatzeko Ipuruan. Limperisol Corazonistas da kontrarioa eta goizeko 11:45tan hasiko da neurketa.
Gogoratu Arrate Eibar Eskubaloi taldeek etxean jokatuko dituzten neurketak taldearen Youtube kanalean zuzenea ikusgai izango dituzuela.
Jubenil neskak J3 Caravanas Aloña Mendi-Arrate Eibar Eskubaloia LAR 12:00 Zubikoa kiroldegia, Oñati
Jubenil mutilak J2 Ereintza Aguaplast-Arrate Eibar Eskubaloia LAR 19:30 Galtxarabordako udal kiroldegia, Errenteria
Kadete neskak J3 Usurbil-Arrate Eibar Eskubaloia B LAR 16:00 Oiardo kiroldegia, Usurbil
Kadete mutilak J2 Ereintza Aguaplast-Arrate Eibar Eskubaloia LAR 17:45 Galtxaraborda udal kiroldegia, Errenteria
Kadete mutilak J3 Arrate Eibar Eskubaloia B-Urnieta Oianume Jatetxea LAR 10:15 Ipurua