Somos Eibar taldearen bigarren porrot mingarria jarraian Urdulizen (28-24). Markagailuan atzetik joan ziren neurketa osoan eta eibartarrek ezin izan zioten emaitzari buelta eman. Berdindurik ere egon ziren momento batzutan lehen zatian, baina ez zen ispilatze bat besterik izan eta lehia poltsikoratu zuten bizkaitarrek. Hamabigarren dira orain sailkapenean armaginak 17 punturekin, beheko partea inoiz baino estuago dago Erromo eta Egia taldeen garaipenen ondoren. Bederatzigarren sailkatutik azken aurrenera lau puntuko aldea besterik ez dago.
Giro bikaina Urdulizeko Iparralde kiroldegian bizi zena; eibartar askok neurketa bertatik bertara ikusteko baliatu zuten larunbata, geureak aupatzeko beraien animoekin. Mikel Zuloagaren bederatzi golek ezin izan zuten porrota galarazi, etxekoak sendoago eta indartsuago iraun zuten amaierararte, bi puntuak poltsikoratuz. Ez zion inork lagundu erasoan eibartarren goleatzaile onenari, etxekoei garaipena erreztuz. Jardunaldi zailak datorren asteburuetan Somos Eibarkoentzat, baina zutik jartzea tokatzen da orain, burua makurtu gabe helmuga lortzeko momentua, taldea horretarako kapaza bait da.
Eibar Eskubaloiaren bigarren taldearen garaipen bikaina Labarra Taberna Pulporen aurka (29-25). Norgehiagoka oso parekatua suertatu zen xehetasunek erabakia. Armaginak hirugarren dira 21 punturekin 16 jardunaldiren ondoren. Lehen postua zazpira dute eta bigarrena laura. Laubide Jatetxea Legazpi da bigarren postu horretan, eibartarren hurrengo aurkaria hain zuzen ere. Erdipurdizko asteburua gure kadeteena Euskadiko txapelketan: Grupo Mecalbek ezin izan zuen Omega Peripherals Basauri gainditu (19-25) eta Teknikerrek berdinketa ateratzea lortu zuen behintzat Urdaneta A taldearen kontra Loiun(28-28).
You must be logged in to post a comment.